Síguenos en redes sociales:

Hondakinen tasa berriari buruzko informazioa zabaldu du Bilboko Udalak

Higiezinen jabeek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute, hondakinen tasaren ordainketa zatikatzea eskatzeko edo Udalak bidalitako dokumentuarekin ordainketa osoa egiteko

Hondakinen tasa berriari buruzko informazioa zabaldu du Bilboko UdalakB. U.

Bilboko Udalak ezagutzera aste honetan gogorarazi du urte honetan indarrean jarritako hiri-hondakinen tasa berriaren ordainketa zatikatzea eskatzeko edo tasa osorik ordaintzeko azken eguna maiatzaren 31 izango dela. Ordainketa hori hiri-higiezinen jabeek jaso duten dokumentuarekin egin beharko dute.

Bilboko Udalak 2026an indarrean jarri duen hiri-hondakinen tasa berria borondatezko aldian ordaintzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da. Egun garrantzitsua da, zergadunek kontuan hartu beharrekoa; izan ere, honako honetan, salbuespen gisa, tasa gainerako tributuetatik (OHZ, ibilgailuen gaineko zerga...) bereizita ordaindu behar da, berria delako. 2027tik aurrera, tasaren ordainagiriak urteko gainerako aldizkako tributuekin batera igorriko dira, eta zergadun bakoitzak duen ordaintzeko moduaren arabera kobratuko dira.

Bilboko Udaleko Ogasun Sailak gutun bana bidali die hiri higiezinen jabe guztiei, lehenengo urte honetan zelan jardun jakin dezaten. Gutun horretan hiri-hondakinen tasa berriaren kuoten zenbateko osoa adierazteaz gain, ordainketa-agiria ere erantsi du Udalak. Halaber, tasa hori ordaintzeko azken eguna maiatzaren 31a dela eta 2 aukera daudela:

  1. Zenbateko osoa ordainketa bakarrean ordaintzea, gutunean erantsitako dokumentua erabilita (telematikoki edo erakunde laguntzaileen bulego eta kutxazainetan). 
  2. Kuoten zenbateko osoa sei hilabetetan ordaintzea (epeka), 2026ko uztailetik abendura bitartean; kasu horretan, banku-kontuan kobratuko dira, interesik gabe. Ordainketa zatika egin ahal izateko, erreziboaren titularrak 2026ko maiatzaren 31 baino lehen eskatu behar du, nahitaez.

Nola eskatu

  • BakQ edo ziurtagiri digitala izanez gero, erraz eska daiteke, webgunean sartuta (izapideak/e-udala, Ogasuna eta Diru-bilketa, Hondakinen tasa). "Zatikapena" eskatzea errazagoa da Ordainketa Nahierara aukeratuta duten pertsonentzat; kasu horretan nahikoa baita eskaera bidaltzea. 
  • Aurrez aurre, San Agustin eraikineko jendearentzako arretarako udal-bulegoetan; horretarako, hitzordua eska dezakezu 010 telefonoan edo www.bilbao.eus/aurretikohitzordua. Ordainketa Nahierara erregimenean egon ezean, hileko sei kuotak zordunduko diren banku-kontuaren titularra dela egiaztatu beharko da.

Hondakinen tasa ez da zaborren tasa

Hiri-hondakinen tasa tributu berria da, Estatuan nahitaez bete beharrekoa Aurrerantzean hiri-hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko zerbitzua emateagatik kobratuko da. 2025era arte Ur Partzuergoak kudeatzen zuen zaborren tasa ordezkatzen du. Tasa hori hiru hilean behin kobratzen zen, uraren ordainagiriarekin batera. 

2026ko urte honetatik aurrera, Bilboko Udala arduratuko da hondakinen tasa berria zuzenean kudeatzeaz. Beste modu batean kalkulatzen da, 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera, zerbitzuaren benetako kostua ordaindu behar duelako eta sortutako hondakinengatik ordainketa-sistemak ezartzeko aukera eman behar duelako.

Nork ordaindu behar du tasa?

Ondasun higiezinen jabeek ordaindu behar dute tasa, nahiz eta zerbitzuaren onuradunak ez izan. Jabeek kuota ordainarazi ahal izango diete bertan bizitzeagatik edo jarduera bat egiteagatik zerbitzuaren onuradunak diren pertsonei.

Kuota kalkulatzeko, bi zati batu behar dira.

  1. Oinarrizko zatia: Zerbitzua edukitzeagatik ordaintzen dena da. Higiezinaren katastro-balioaren araberakoa da zenbatekoa.
  2. Zati espezifikoa: Sortzen diren hondakinen kopuruaren araberakoa da.

Etxebizitzetan, erroldatutako pertsonen kopurua hartzen da kontuan. Etxebizitzak ez diren higiezinetan, honako hauek hartzen dira kontuan: egiten den jarduera eta higiezinaren azalera.

Garaje, trasteleku eta orubeetan, ez da zati espezifikoa ordaintzen.