Síguenos en redes sociales:

Bilbok Kulturaren Udal Kontseilua sortu du

Kontseilu horretan udal-eremuko, beste erakunde publiko batzuetako eta kultura-sektore pribatuko ordezkaritza zabala bilduko da, eta hiriko kultura-diziplina eta -eragile nagusiak ere egongo dira

Bilbok Kulturaren Udal Kontseilua sortu duB. U.

Bilboko Kulturaren Udal Kontseilua errealitate bat da. Astearte honetan goizean, maiatzaren 5ean, Bilboko Udalak kide anitzeko organo aholku-emaile hau sortzeko bilkura egin du udaletxean. Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailari atxikia, eta hiriaren garapen kulturalari laguntzeko tresna egokia izan nahi du, Bilbon aritzen diren kultur eragile guztien parte-hartze aktiboa, inplikazioa eta erantzukidetasuna bultzatuz.    

Bilboko Kulturaren 2023-2033 Plan Estrategikoan ezarritako ekintzen ondorioz sortu zen. Plan hori partaidetza-prozesu zabal baten ondoren onartu zen, Udalaren eta Bilboko kultur sektorearen arteko lankidetza eta komunikazioa sustatzeko. Kontseiluak informazio-, eztabaida-, proposamen-, kontsulta- eta aholkularitza-eginkizunak betetzen ditu udalaren kultur politikari dagokionez. Funtzio horiek behar bezala bete ahal izateko, Udalak beharrezko giza baliabideak eta bitarteko teknologiko eta juridikoak eskainiko dizkio.

Helburu nagusien artean honako hauek daude: Bilboko kultur jarduerari buruzko hausnarketa bultzatzea, haren kalitatea, sormena eta berrikuntza hobetzea, aniztasuna eta kohesioa sustatzea, berdintasunean eta inklusioan aurrera egitea, euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea eta, kulturatik, Garapen Jasangarrirako Helburuei laguntzea.

Erakundeen eta sektoreen ordezkaritza zabala

Kulturaren Udal Kontseiluaren Osoko Bilkura udal-eremuko, beste erakunde publiko batzuetako eta kultura-sektore pribatuko ordezkariek osatzen dute, Bilbon diharduten kultura-diziplina eta -esparru nagusien presentzia bermatuz.

Udal-eremuan, Kontseiluaren eremuarekin lotutako eskumenak dituzten sailetako zuzendaritzek parte hartzen dute, hala nola Kultura, Euskara, Jaiak, Gazteria edo Hezkuntza, bai eta udaletako kultura-erakundeen kudeatzaileek ere: Arriaga Antzokia, BilbaoArte, Bilbao Musika, Azkuna Zentroa eta Bilbao Ekintza.

Kontseiluan beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak ere egongo dira, hala nola, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, bai eta hirian jarduten duten kultura-erakunde nagusietako ordezkariak, hala nola, hauetakoak: Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilbao Bizkaia Museoak, Itsasmuseoa, Euskalduna Bilbao, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Dantzerti eta Blas de Otero Fundazioa.  

Sektore kultural pribatuari dagokionez, hainbat eremu artistiko eta kulturaletako erakundeak daude ordezkatuta: arte eszenikoak (Eskena, ADDE eta 6. Pabilioia); arte bisualak (FIG eta Galería Lumbreras); musika klasikoa, korala eta tradizionala (BAE eta ABAO); musika modernoa (Last Tour); ondare kulturala eta euskara (BDB, Azkue Fundazioa, Labayru Fundazioa eta Euskaltzaindia); liburua (Editoreen Gremioa eta Bizkaiko Liburu-denden Elkartea), garapen komunitarioa (UN Etxea), ikus-entzunezkoak (Mendi Film eta Golem Zinea) eta industria sortzaileak (IED Kunsthal eta Karraskan).

Era berean, Bilboko Udalean dauden talde politikoetako ordezkariek ere parte hartzen dute Kontseiluan.

Kulturaren Udal Kontseiluaren osoko bilkuraren osaera

Gaurko saioaren ondoren, Kulturaren Udal Kontseiluaren Osoko Bilkura eratuta geratu da 45 bokalekinKulturaren Udal Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Udalaren Osoko Bilkurak 2026ko urtarrilean behin betiko onartua), bokal horiek (udal-organo horretan parte hartzea formalki onartu duten entitate eta erakundeetakoak), presidenteak, presidenteordeak eta idazkariak osatuko dute Osoko Bilkura.

Era berean, Batzorde Betearazleko kideak hautatzeko prozesuari ekin zaio. Batzorde Betearazlea Kontseiluaren osoko bilkuren arteko ohiko kudeaketaz eta eztabaidatu beharreko gaiak prestatzeaz arduratzen da, besteak beste. 

Kontseiluaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta Osoko Bilkurak bozketa egin ondoren, Kulturaren Udal Kontseiluko Batzorde Betearazlea honela osatuta geratuko da:

  • Presidentea: Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea
  • Jarduneko presidentea: Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernatza zinegotzia.
  • Lehenengo presidenteordea: Itziar Urtasun, Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Kultura Albokoa, Alkateak izendatutakoa.
  • Bigarren presidenteordea: Begoña Guzmán, UNESKO Etxeako Kultura arduraduna, Kontseiluaren Osoko Bilkurak aukeratua.
  • Batzorde Betearazleko kideak:
  • Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Alkatetzak izendatua.
  • Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria, Kontseiluko Osoko Bilkurak hautatua.
  • Ramón Barea Pabellón 6ko presidentea, Kontseiluko Osoko Bilkurak hautatua.
  • Idazkaria: Kultura saileko funtzionario bat, hitzarekin baina botorik gabe.

Izendapen horrekin guztiz operatibo geratzen da Kontseiluaren gobernu-egitura.

Gaurko lehen bilkura horren ondoren, Kulturaren Udal Kontseiluak Batzorde Betearazlearen deialdiarekin hasiko du bere ohiko jarduera. Organo hori osoko bilkuren arteko kudeaketaz eta lan-programa prestatzeaz arduratuko da, eta Bilboko 2023-2033 Kulturaren Plan Estrategikoan identifikatutako erronkei eta lehentasunei pixkanaka heltzeko aukera emango du.

Kontseilu hori abian jarrita, Bilboko Udalak indartu egiten du hurrengo urteetan hiriaren kultura-erronkekin bat datorren kultura-gobernantza partekatu eta irekiarekiko konpromisoa.

Bilbok Kulturaren Udal Kontseilua sortu du.

Herritarren partaidetza

Bilboko Kulturaren Udal Kontseiluak bere kudeaketaren eta bere jardun-eremuarekin lotutako gaien berri emango die herritarrei, eskura dauzkan eta egokitzat jotzen dituen bitartekoen eta informazio-egintzen bidez.

Halaber, herritarren iritzia jaso ahalko du, eztabaiden, bileren, kontsulten edo inkesten bidez, barrutiko kontseiluei jakinaraziz, edo egokitzat jotzen duen beste edozein bitartekoren bidez.

Era berean, Bilboko bizilagunek eta Herritarren Partaidetzako Erakundeen Udal Erregistroan inskribatutako entitateek informazioa eskatu ahal izango dute, edota Kontseiluari jarduera jakin batzuk egitea proposatu. Horregatik, aldez aurretik eskatuta, Osoko Bilkuraren eta Batzorde Betearazlearen bilkuretara joan ahal izango dira. Batzorde Betearazleak ebatziko du planteatutako gaiak Osoko Bilkurara eramango diren eta Osoko Bilkurara joateko edo parte hartzeko eskaerak onartuko diren ala ez.