Síguenos en redes sociales:

'Bilbao Moda' ekimenak hirian diseinuaren ekosistema bultzatu eta indartuko du

Alde Zaharreko merkatarien elkarteak antolatutako 'Zazpi Kaleak Fashion Week 2026' izango da lehenengo jarduera

'Bilbao Moda' ekimenak hirian diseinuaren ekosistema bultzatu eta indartuko duB. U.

Datorren astelehenean, maiatzaren 4an, hasiko da hirian diseinuaren ekosistema bultzatzeko eta indartzeko helburua duen 'Bilbao Moda' izeneko proiektu estrategikoa. Alde Zaharreko merkatarien elkarteak antolatutako Zazpi Kaleak Fashion Week 2026 ekimenak emango dio hasiera programari. Gaur goizean aurkeztu dute proiektua.

Aldi berean, Bilbo erosketetarako erreferentziazko helmuga gisa sendotu nahi du, eta hiriko moda-merkataritzaren zein tokiko eta sortzen ari den diseinuaren lehiakortasuna eta ikusgarritasuna indartu. Horrez gain, tokiko talentua sustatzen du, sektoreko erreferenteak eta preskriptoreak erakartzen ditu, eta balio handiko jarduera ekonomiko, kultural eta turistikoa sortzen laguntzen du. Azken batean, Bilboko moda-sektorearen balio-kate osoa indartzea du xede.

"Bilbao Moda proiektuaren bidez, identitate beraren pean bildu nahi ditugu diseinuaren tokiko ekosistema indartzeko eta dinamizatzeko gure hiriko ekimenak, hiriko merkataritza-jardueraren eskutik. Izan ere, Bilbao Moda talentua batu eta fidelizatzeko asmoz sortu zen, tokian-tokian eta nazioartean, tokiko sortzaileak eta moda-diseinuko saltokiak elkartuz. Horrela, Bilbo diseinuaren eta merkataritzaren arteko topagune gisa posizionatzen aurrera egingo dugu", nabarmendu du Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotziak proiektuaren aurkezpenean. "Azpimarratu nahi nuke Bilboko eragile ugarirekin egindako lankidetzan oinarritutako proiektua dela, eta dagoeneko sendotuta dauden ekintzak eta bultzada berriko beste batzuk biltzen dituela. Bilbo erreferentea izan delako eta izan behar duelako erosketen helmuga gisa, kalitatezko moda, nortasun propioduna eta talentu sortzaile nabarmenekoa sustatuz. Horregatik, Bilbao Moda eraikitzen jarraituko dugu pausoz pauso, hiriko proiektu partekatu gisa".

Tandemak, pasarelak, ibilbideak... eta askoz gehiago

Bilbao Moda’ proiektuaren esparruan aurreikusitako ekintzen artean, alde batetik, modaren asteak eta Bilboko merkatarien elkarteek antolatutako jarduerak nabarmentzen dira: maiatzean Zazpi Kaleak Fashion Week 2026 egingo da, Alde Zaharreko Denda, Ostalari eta Enpresen Elkarteak antolatuta, eta ‘Bilbao Moda’ proiektuaren baitan egingo den lehenengo ekintza izango da; eta azaroan, berriz, Bilbao Fashion Week 2026 egingo da, Bilbao Centro enpresa-elkarteak antolatuta.

Modaren bi aste horiek eta dagozkien merkataritza-pasarelak jarduera osagarriekin indartuko dira. Aipatutako jarduera horiek maiatzean (udaberri-uda) eta azaroan (udazken-negua) egingo dira; moda komertziala publiko orokorrari hurbiltzeko, hirian dagoen eskaintza ikusarazteko eta hiriko beste sektore sortzaile eta kultural batzuetako eragileekin sinergiak sortzeko pentsatuta egongo dira, hala nola literaturarekin, musikarekin, gastronomiarekin edo artearekin.

Bilbao Moda’ proiektuak tokiko diseinua eta sortzen ari dena bultzatzeko ekintza espezifikoak ere jasotzen ditu. Horien artean "Tandem Comercio x Diseño" programa nabarmentzen da. Programa horrek Bilboko diseinatzaileen eta saltokien arteko 15 lankidetza edo tandem sustatuko ditu. Sinergia horiei esker, tokiko diseinatzaileek, erakusleihoetan edo barnealdeetan esku hartuz, beren proposamenak benetako merkataritza-ingurunean testatuko dituzte eta azken bezeroaren zuzeneko feedbacka jasoko dute, eta aldi berean, Bilboko saltokiek sormen- eta hurbiltasun-balioekin bat datozen produktu bereizgarriak, esklusiboak eta lerrokatuak eskuratzeko aukera izango dute. Ekimen berritzaile honen bidez, tokiko diseinatzaileei negozio eta garapen profesionalerako aukerak zabaldu nahi zaizkie, bai eta herritarrei eta bisitariei beren lanak ezagutarazi ere; ildo horretan, saltokien eta diseinatzaileen arteko 15 lankidetza horiek in situ ezagutu ahal izateko ibilbideak antolatuko dira.

Bilbao Moda ekimenaren aurkezpena.

2026an ‘Bilbao Moda’ proiektuaren beste zutabe nagusietako bat lehiaketa eta "Bilbao Moda Gala – BIAAF Bilbao International Art & Fashion" izango dira. Gala horren hamargarren edizioaren sani-banaketa ekainaren 25ean izango da Bilboko Eleiz Museoan – Museo de Arte Sacron. BIAAFek bi urtean behin antolatzen duen nazioarteko lehiaketa hau sortzen ari den diseinua detektatzeko eta proiektatzeko erreferentzia finkatu da, eta mundu osoko eskoletatik datozen 18 eta 35 urte bitarteko diseinatzaile gazteak bilduko ditu Bilbon, artea eta moda uztartuz. Jantzien diseinu onenaren eta osagarrien diseinu onenaren sariak emateko galaz gain, erakusketa bat ere egingo da diseinu finalistekin. ‘Bilbao Moda’-ren barruan, ekainaren 25aren inguruan, Bilbora gonbidatutako preskriptoreen sarea zabalduko da, eta hiriko zirkuitu komertzialetan eta diseinatzaile berrien estudioetan zehar ibilbideak antolatuko dira preskriptoreekin eta komunikabideekin.

Bilbao Moda’ Bilboko Udalak bultzatutako proiektu estrategikoa da, eta berrikuntzaren, diseinuaren eta moda-merkataritzaren etorkizunaren aldeko apustu irmoa egiten du, hiriarentzat estrategikoa den sektore baten benetako bultzada kolaboratiboan zentratzeko.

Zazpi Kaleak Fashion Week 2026

Bilbao Moda’ proiektuaren baitan egingo den lehenengo ekimena Zazpi Kaleak Fashion Weeken bosgarren edizioa izango da: Bilboko Alde Zaharra moda, kultura eta gastronomiaren gune nagusia izango da maiatzaren 4tik 10era bitartean. Alde Zaharreko Denda, Ostalari eta Enpresen Elkarteak modaren, kulturaren eta gastronomiaren astea antolatu eta ospatuko du. Oraingo honetan, 2026ko kolorearen ingurukoa izango da. Zehazki, 2026ko kolorea Cloud Dancer izenekoa da, Pantone Color Institutek hautatua eta marfil zuri leun, etereo eta apur bat bero gisa deskribatua. "Lasaitasuna, buruko argitasuna eta luxu isila sinbolizatzen ditu; berrikuntzarako, bakerako eta sinpletasunerako nahia adierazten du mundu ase batean, eta sormenerako eta hasiera berrietarako gonbita egiten du", deskribatu du Susana Alaguero Alde Zaharreko merkatarien elkarteko presidenteak.

Alde Zaharreko modaren asteak ehun saltoki baino gehiago bilduko ditu, eta jarduera ugari egingo ditu aste osoan zehar: tailer praktikoak, hitzaldiak, ekintza komertzialak edo moda desfile handi bat, besteak beste. Berrikuntza ugari izango dira gustuaren eta estiloaren inguruko munduko azken joeretan eragina duten jardueren programan.

Programazioa maiatzaren 4an hasiko da, astelehenean, 18:00etan jendeari irekitako bi tailerrekin: horietako bat Erriberako Merkatuko sukalde gelan egingo da, eta gozogintza beganoko hainbat proposamen landuko dira, gozogintza mota horren teknika, osagai eta sekretuekin; bigarrena, La Bolsa eraikinean, artisautza tailerra izango da, belarritako pertsonalizatuak sortzera zuzendua. Maiatzaren 5ean, asteartean, 18:00etan kolorimetria-tailerra egingo da Maria Uranga irudi-aholkulariaren eskutik. Asteazkenean, hilaren 6an, 18:00etan, La Bolsa eraikinean, modako argazkigintzan aditua den batek parte-hartzaileei erakutsiko die bere alderik onena erakusten objektiboaren aurrean jartzeko orduan.

Alde Zaharreko modaren bosgarren aste honetako plater nagusia Arriaga Antzokian maiatzaren 8an, ostirala, 20:00etan egingo den desfilea izango da. Zuzeneko musikaz lagunduta, mota guztietako sektoreetako Bilboko saltokien joerak erakutsiko ditu eta diseinatzaile gazteen proiektuak ere izango ditu.

Jendearentzat zabalik dauden baina edukiera mugatua duten jarduera programatuetan doan izena emateko, interesa duten pertsonek helbide elektroniko bat bidali beharko dute beren datuekin, tailerra zehaztuta, helbide honetara: asociacion@cascoviejobilbao.com.