Emakumeen plazan jarritako liburu-etxolak erdigunea bihurtu dira ostegun honetan, apirilaren 23an, ospatu den Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta. Gonzalo Olabarria Bilboko Udalaren Kultura eta Gobernantzako zinegotziak hasiera eman dio goizean kulturaz eta literatur tradizioz betetako egun berezi honi. Etxolak 9:00etatik 21:00etara egongo dira irekita eta literatura-eskaintza zabala aurki daiteke bertan.

Honako hauek ere izan dira ekitaldian: Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Ganberako azoken arduraduna; Javier Cámara, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteko presidentea; eta Koldo Bilbao, BBK Fundazioko Kultura eta Pertsonen arduraduna.  

Ospakizunaren esparruan, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak urtero ematen dituen 'Paperezko faroltxoak' sariak banatu dira, euskarazko zein gaztelaniazko lanik aipagarrienak aitortzeko, bai eta idazleen ibilbidea eta hedabideek literaturaren dibulgazioan egindako lana aitortzeko ere.

Aurten, Danele Sarriugartek, 'Beste zerbait' lanagatik, eta Javier De Isusik, 'El año en que fuimos Reyes', lanagatik, jaso dituzte sariak, Gonzalo Olabarria eta Koldo Bilbaoren eskutik.

Liburuaren Nazioarteko Egunaren aurkezpena. B. U.

Apirilaren 23a data sinbolikoa da munduko literaturan, literatura unibertsaleko hiru autore handiren heriotzarekin bat datorrelako: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega. Horregatik, UNESCOk Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egun hori aukeratu zuen, irakurketa sustatzeko eta argitalpen-industriari babesa emateko helburuarekin.

Bilboko Udalak literatura-sorkuntza eta liburu-dendak babesten jarraitzen du, Bilboko 2023-2033 aldirako Kulturaren Plan Estrategikoko ildo estrategikoetako batean jasota baitago. Horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu, hala nola urtero deitzen diren literatura-lehiaketak, lehiaketa horiek irabazten dituzten lanak argitaratzea, programazio egonkor zabala, literatura-jaialdiak, eta Bilibao Editaren bidez edizioari laguntzea, tokiko argitalpen-produkzioa sustatzearren. Horrez gain, ezin dugu alde batera utzi Bilboko Udal Liburutegien Sarearen funtsezko zeregina.

Literatur programazioa Bidebarrieta Kulturgunean

Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Félix G. Modroño idazlearen "Tierra de sueños" liburuaren aurkezpena egingo da Bidebarrieta Kulturgunean, gaur arratsaldean, 19:00etan. Ekitaldian egileak parte hartuko du, eta Joseba Solozabal kazetariarekin solasean arituko da liburuko gai nagusiei buruz, baita argitalpen berri honi forma eman dion sormen prozesuari buruz ere.

'Tierra de sueños' liburuan, Modroñok bi garai eta agertokiren arteko narrazioa proposatzen du; azkenean, horiek, modu harrigarrian bat egiten dute. Alde batetik, istorioa Espainiako Gerra Zibilaren eta Mexikoko erbestealdi errepublikarraren testuinguruan kokatzen da, non neska gazte batek bere herrialdea utzi eta bere lehen maitearengandik banandu behar duen. Bestetik, kontakizunak 2005eko Mexikora eramaten gaitu, non arkeologo batek harreman bat hasten baitu, espoliatutako ondare historikoa berreskuratzeak markatutakoa.

Lan berri honekin, Félix G. Modroñok bere estiloa berretsi du: generoen mestizajea, girotze zaindua eta prosa iradokitzailea. Félix G. Modroño bizkaitarra da, jatorria Zamoran badu ere, eta jendearen aitortza lortu du bai Zuñiga doktorearen sagari esker, bai Bilbon girotutako trilogiagatik ere -horren barruan dago “La ciudad de la piel de plata”-; une honetan narratiba garaikideko idazle garrantzitsuenetako bat da.

Solasaldia irekia izango da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da kultura-zabalkunderako Bidebarrieta Kulturguneko YouTubeko kanalaren bidez. Besteak beste, literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea dira kanal horren helburuak.