Síguenos en redes sociales:

Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin bat egingo du Bilbok

Udalak emakume lesbianen errealitatea ikusarazi nahi du, gizarte gisa agerikoa eta irekia dena erakusten duen irudi baten bidez

Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin bat egingo du BilbokB. U.

Urtero bezala,Bilboko Udalakbat egingo du datorren igandean, apirilaren 26an, ospatuko den Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin. Horretarako, emakume lesbianen errealitatea ikusarazten duen sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan, sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzeko.

Bilboko Udalak berdintasun errealarekiko konpromisoa berresten du, bai eta askotariko hiri inklusibo eta errespetuzko bat eraikitzeko konpromisoa ere, pertsona guztiak eskubide eta aukera berberekin onartuko dituena. Konpromiso hori bat dator 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH), bai eta Bilboko Balioen Agiriarekin ere, Bilbao Balioen Hiria proiektuaren esparruan.   

Itziar Urtasun Berdintasuneko zinegotziak dioen bezala, “kanpaina honen bidez, aniztasuna bilbotarren identitatearen eta gure hiria ulertzeko moduaren funtsezko parte dela berretsi nahi dugu. Ospatzen dugun egun hau funtsezkoa da aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabeko gizarte baten beharraz hausnartzeko orduan”.

Ildo horretan, Bilboko Udalak LGTBIQ+ kolektiboaren lanari laguntzeko hainbat ekimen egiten ditu Bizkaiko hiriburuan, haien ikusgarritasuna, gizarte-sentsibilizazioa eta diskriminazio-mota oro desagerraraztea bultzatuz.

Erakundeen konpromiso hori, besteak beste, Sexu eta Genero Aniztasunaren I. Udal Planaren (2025-2030) bidez gauzatzen da. Plan hori udal-politiketan sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia zeharka txertatzeko, gizarte-kontzientzia handiagoa sustatzeko eta sexu-orientazioagatiko eta/edo genero-identitateagatiko indarkeria eta diskriminazioa ezabatzeko ibilbide-orria da, eta, gainera, gizarte-erakundeekiko lankidetza sustatzen du.

Begirada irekia

Kanpainaren irudia Bilboren izenaren inguruan egituratu da -Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunaren ospakizunarekin bat egiten baitu Bilbok- kolektiboaren koloreak bere eginez, erakundeen, gizartearen eta herritar guztien babes gisa. 

Elementu nabarmenetako bat Bilbo hitzaren "O" hizkiaren keinu grafikoa da. Hizki hori ikur bihurtzen da, ikusgai denari eta begirada irekiari erreferentzia eginez. Pertsona guztiak begirunez eta aniztasunetik behatzen, ezagutzen eta hartzen dituen hiria irudikatzen du. 

Irudia 'Bagara eta bagaude ikusgarri/Visible somos y estamos' leloarekin osatzen da. Baieztapen argi eta aldarrikatzailea da, eta emakume lesbianen presentzia, ahotsa eta errealitatea azpimarratzen ditu, baita aitortzaren eta eskubideen erreklamazio bidezko eta beharrezkoa ere.