Bilboko Udala otsailean hasita hiri higiezinen jabe guztiei gutun bana bidali zien, 2026an indarrean jarri den hiri hondakinen tasa berriaren kuoten zenbateko osoa adieraziz; gutunean ordainketa-agiria ere erantsi du Udalak. Gutun horretan herritarrei gogorarazten zaie tributu berria dela eta estatu-mailan nahitaez bete beharrekoa, eta hemendik aurrera hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuagatik kobratuko dela, Ur Partzuergoak 2025era arte kudeatzen zuen zabor-tasaren ordez.
Beste datu garrantzitsu batzuen artean, adierazten da 2026ko lehen urtean, salbuespen gisa, tasa berri bat denez, ordainagiriak bereizita ordainduko direla. Hau da, ez dira ordainduko beste tributu batzuekin batera (OHZ edo ibilgailuen gaineko zerga, adibidez). 2027tik aurrera, tasaren ordainagiriak urteko gainerako aldizkako tributuekin batera igorriko dira, eta Ordainketa Nahierara ordainketa-erregimenean daudenek beren ordainketa-gutunean sartuta jasoko dituzte.
Zenbatekoaz eta ordainketa egiteko dokumentuaz gain, gutunean 2026ko hondakinen tasa ordaintzeko 2 aukera eskaintzen dira maiatzaren 31ra arte bietako bat hautatzeko: kuoten zenbateko osoa ordainketa bakarrean ordaintzea, gutunean erantsitako dokumentua erabilita (telematikoki edo erakunde laguntzaileen bulego eta kutxazainetan); eta kuoten zenbateko osoa sei hilabetetan ordaintzea (epeka), 2026ko uztailetik abendura bitartean; kasu horretan, banku-kontuan kobratuko dira, interesik gabe. Ordainketa zatika egin ahal izateko, erreziboaren titularrak 2026ko maiatzaren 31 baino lehen eskatu behar du, nahitaez.
Nola eskatu:
- BakQ edo ziurtagiri digitala izanez gero, erraz eska daiteke, www.bilbao.eus helbidean sartuta (izapideak/e-udala, Ogasuna eta Diru-bilketa, Hondakinen tasa)."Zatikapena" eskatzea errazagoa da Ordainketa Nahierara aukeratuta duten pertsonentzat; kasu horretan nahikoa baita eskaera bidaltzea.
- Aurrez aurre, San Agustin eraikineko jendearentzako arretarako udal-bulegoetan; horretarako, hitzordua eska dezakezu 010 telefonoan edo webgunean. Ordainketa Nahierara erregimenean ez bazaude, hileko sei kuotak zordunduko diren banku-kontuaren titularra dela egiaztatu beharko da.
Hondakinen tasa ez da zaborren tasa
Zaborra biltzeko zerbitzua emateagatik ordaindu izan den tasa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatu du eta hiru hilean behin kobratu izan da 2025era arte, uraren ordainagiriarekin batera.
Hala ere, 2026an tasa horren ordez hondakinen tasa ezarri da. Hondakinen tasa beste modu batean kalkulatzen da, 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera, zerbitzuaren benetako kostua ordaindu behar duelako eta sortutako hondakinengatik ordainketa-sistemak ezartzeko aukera eman behar duelako.
Hala ere, Ur Partzuergoak 2026ko lehen asteetan ordainagiriak bidali ditu, 2025eko azken hiruhilekoari dagozkion etxebizitza eta lokalen zabor-tasaren kuotekin. Tributu horri dagozkion azken ordainketak izango dira.