Síguenos en redes sociales:

Bilbok bat egingo du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako adierazpenaren irakurketa instituzionala egin da gaur goizean Udaletxean

Bilbok bat egingo du Emakumeen Nazioarteko EgunarekinB. U.

Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du datorren igandean, martxoaren 8an, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Horregatik, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako adierazpenaren irakurketa instituzionala egin du ostiral honetan goizean.

Ekitaldiaren buru Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da, Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziarekin eta Udalbatzaren ordezkariekin batera. Dokumentua irakurri dute, non EAEko udalei eta herritarrei elkarrekin eta erne egoteko gonbita egin baitzaie, desberdintasunik, estereotiporik eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz atzerapenik gabe aurrera egiten jarraitzeko. Izan ere, Bilboko Udalak bat egiten du benetako berdintasun eraginkorraren defentsa irmoarekin, funtsezko printzipio demokratikoa baita hamarkadetan lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen aurrerapenaren aurrean.

Era berean, Udalak bere gain hartu ditu testuan zehazten diren erronkak eta konpromisoak.

Irakurketan parte hartu dute udal sailetan dauden berdintasunaren arloko profesionalek eta genero-berdintasunaren alde lan egiten duten hiriko emakume-elkarteetako kideek.

EUDELen testua irakurtzeaz gain, ekitaldian aldarrikapena izan nahi duen antzerki-emanaldia izan da, Hortzmuga Teatroaren eskutik. Umorearen, gogoetaren eta elkarrizketaren bidez, bertsolari baten bertsoekin batera, emakumeen askatasuna mugatzen duten desberdintasunei eta aniztasunaren garrantziari heldu die lanak, eta erakunde publikoen eta elkarte-mugimenduaren arteko lan komunaren garrantzia azpimarratu du, gizarte berdinzaleagoa lortzeko eraldaketa-eragile den neurrian.

Martxoaren 8ko kanpaina instituzionala

Martxoaren 8a dela eta (Emakumeen Nazioarteko Eguna), Bilboko Udalak kanpaina instituzionala jarri du abian, hiriko emakume guztien askatasun erreal eta eraginkorrarekiko konpromisoa berresteko.

"Berdintasunik ez, askatasunik ez / Sin igualdad no hay libertad" lelopean, Udalak mezu argi eta irmoa erreibindikatu nahi du: emakume guztiek libreki erabaki ahal izan dezatela beren bizitzei buruz, oztoporik gabe, beldurrik gabe eta eskubide guzti-guztiekin, aukera-berdintasunarekin eta beren erabakiak mugatzen edo baldintzatzen dituzten oztopoak baztertuta.

Aurtengo kanpainak hiru irudi nagusi ditu, bakoitza emakumeen askatasunaren muga zehatz bat salatzen duen baieztapen bati lotua: "Ez dago askatasunik, desberdinkerien gatibu segitzen badugu"; "Ez dago askatasunik, bideak blokeatuta badaude"; eta "Ez dago askatasunik, eskubideek mugak gainditzen ez badituzte".

Piezak, estetika zuzenekoa eta sinbolikoa dutenak, dagoeneko banatuta daude hirian zehar, bai eta instituzioen komunikazio-kanalen bidez ere.

Helburu horrekin, hainbat euskarri fisikotan egongo da kanpaina berri hau ikusgai, hala nola hiri-altzarietan, udal egoitzetako pantaila digitaletan, Bilboko Udalaren webgunean eta baita Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.

Era berean, morez argiztatuko dira asteburuan hiriko eraikin eta elementu enblematiko nagusiak, adibidez udaletxea, Abandoibarrako farolak, Casilda Iturrizar parkeko iturri zibernetikoa edo Europa parkeko tunela.