Astelehen honetan goizean, ekainaren 22an, Bilboko Udalak 2026-230 urteetarako prestatutako Tokiko Enplegu eta Garapen plana aurkeztu du, estrategia integral anbiziotsu bat. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak aurkeztu dute gaur plana.

Planak kalitatezko enplegua, garapen ekonomikoa eta gizarte-kohesioa sustatzeko hiriaren ibilbide-orri berria definitzen du, eta Bilbok datozen urteotan izango dituen beharretara egokitutako neurri oso zehatzak jasotzen ditu.

Azaldu duten bezala, aurrerantzean, Tokiko Enplegu eta Garapen Planak berak enplegu-politikak diseinatzeko eta gauzatzeko lidergo eta protagonismo eraginkorra emango dio Bilbori, Enpleguaren Euskal Legearekin bat etorriz, eta helburua da aurrera egitea hazkunde inklusiboago, jasangarriago eta etorkizuneko aukerekin lotuago baten aldeko apustua egiten duen hiri-eredu batean.    Proiektuaren oinarrian, alkateak esan duen bezala, "izan nahi dugun hiriaren ikuspegi estrategikoarekin konbinatu dira hurbiltasuna eta kudeaketa-gaitasuna".

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak balioa eman dio Sailak eta Lanbidek Tokiko Enplegu eta Garapen Planen hedapenean trakzioa egiteko jokatzen duten paperari, eta azpimarratu du tresna berri horrek "paradigma-aldaketa bat dakarrela enplegu-politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko moduan". Torresek Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du, erakundeen arteko lankidetzan, herritarrekiko hurbiltasunean eta lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzean oinarritutako estrategiari dagokionez.

Era berean, azpimarratu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak teknikoki eta finantza-arloan lagundu diola plan horiek egiteko prozesu osoari. Gogorarazi du lehen fase honetan Lanbidek 19,5 milioi euro inguru mobilizatuko dituela, eta horietatik 6,7 milioi baino gehiago Bilbora bideratuko direla enplegu-politika aktiboak indartzera. "Gure helburua ez da soilik enplegu gehiago egotea, baizik eta enplegu hobea egotea: egonkorragoa, kalitate handiagokoa eta pertsona guztientzako aukera gehiagorekin", adierazi du.

Pertsonak eta sektoreak giltzarri

Planak ikuspegi estrategiko argia du: orainaldian jardutea eta etorkizunari aurrea hartzea. Horretarako, lehenik eta behin, gehien behar duten pertsonak eta sektoreak hartuko dira kontuan, eta arreta berezia jarriko zaie laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei; esaterako, epe luzeko langabeei, 45 urtetik gorakoei, gazteei eta migratzaileei.

Bigarrenik, hiri-ekonomiaren funtsezko sektoreak indartuko dira, hala nola hurbileko merkataritza, negozio txikiak, ostalaritza edo zerbitzu pertsonalak. Izan ere, funtsezkoak dira tokiko enplegua bultzatzeko eta auzo biziak izateko, eta, gaur egun, erronka handi biri aurre egin behar diete: belaunaldi-erreleborik eza edo kontsumo-ohituren aldaketa.

Eta, hirugarrenik, planak etorkizunera begiratzen du, sektore estrategikoak eta aukerak sortzen dituztenak bultzatuz (adibidez, zerbitzu aurreratuak, eremu teknologikoak, sormen-industriak edo zaintza-sektorea), ulertzen baita halakoek enplegu kualifikatuagoa, egonkorragoa eta proiekzio handiagokoa sortzen dutela.

Alkateak zehaztu duen bezala, "bi ikuspegi horiek aukera eman dute Bilbok eskatzen duenaren" neurrira sortutako jarduketen plan bat egiteko "hiriko eta auzoetako arazoak modu eraginkorragoan eta errealistagoan konpontzeko; bisturiz egindako plangintza bat dela esan zitekeen".

Jarduketa horiek guztiak 2030era arte pixkanaka hedatuko den estrategia zabalago baten parte dira, eta 8 helburu handitan egituratuta daude: enplegua, prestakuntza, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa, inklusioa, lehiakortasuna, talentua eta gobernantza.

Planaren lehen 39 ekintzak

Proiektua aurkezteko ekitaldia baliatuta, Juan Mari Aburto alkateak eta Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak plana abian jartzeko lehen ekintzak aurreratu dituzte, zeinak 2026ko ekainetik 2027ko ekainera egingo baitira.

39 programa eta zerbitzu dira, gehienak erabat berriak. Ekintza horien aurrekontua 8,4 milioi eurokoa izango da guztira; eta, horietatik, 6,7 milioi euro Lanbidek finantzatuko ditu; 1,4 milioi euro Udalak, eta gainerakoa beste baliabide batzuekin ordainduko da (Europako funtsak, Bizkaiko Foru Aldundia...).

Lehenengo ekimen multzo hori irailetik aurrera jarriko da abian apurka-apurka, eta datorren urteko ekainerako neurri guztiak egongo dira martxan.

Gainera, 39 programa eta zerbitzu horiei Udalak aurreikusi dituen beste ekintza batzuk gehitu behar zaizkie. Ehun ekintza baino gehiago izango dira, eta lehen aipatutako inbertsioa (8,4 milioi euro) 12,7 milioi eurotan jartzea ekarriko dute.