Síguenos en redes sociales:

Boluetak igogailu publiko berri bat estreinatu du

Azpiegitura azken zortzi hilabeteetan gauzatu da eta duela hamar egun abiarazi da; udalak 1.242.906,72 euroko inbertsioa egin du

Boluetak igogailu publiko berri bat estreinatu duB. U.

Bilboko Udalak 1.242.906,72 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, Bolueta auzoko Miraflores etorbidearen eta San Joakim kalearen arteko desnibela saihesteko igogailu publikoa eraikitzeko. Zortzi hilabeteko lanen ondoren, martxan dago jada. Ostegun honetan goizean, Juan Mari Aburto alkateak igogailua bisitatu du, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziarekin eta udaleko beste kide batzuekin batera.

Jarduketa hau –adierazi du alkateak– interes orokorrekoa da, hemendik hurbilen dauden atarietako bizilagunei ez ezik, auzoko bizilagun guztiei ere mesede egiten baitie. Kontuan izan behar da, gainera, inguruan hainbat ekipamendu daudela, esaterako Karmelo ikastola, eta etorkizunean beste berri batzuk egongo direla, esaterako, Osakidetzako osasun-zentro berria”.

Igogailu berriak 12,94 metroko desnibela gainditzen du, geldialdi bi dauzka eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatu da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du eta bideoz zainduta egongo da eguneko 24 orduetan.

Igogailuaren goiko irteeran 25,74 metro luze eta 2,40 metro zabal den metalezko pasabidea jarri da.

Eskaileren zati bat eraitsi egin da igogailua jartzeko, eta proiektuaren esparruan jarri dira berriro. Proiektuaren arabera, gainera, eraginpeko eremua berrurbanizatu da eta hiri-altzari berriak jarri dira.

Energia sortzeko programa pilotua

Igogailu horretan energia sortzeko sistema berri bat ezarri da eguzki-panelen bidez. Eguzki-energiari igogailuaren sistemarekin lortutakoa gehitzen zaio, bere mugimenduaren bidez.

Sortutako energia igogailuaren autokontsumorako erabiltzen da nagusiki. Erabili beharrik ez dagoenean, soberakina bateria batean biltegiratzen da, energia-aprobetxamendua optimizatuz eta sistemaren eraginkortasuna hobetuz.

Esperientzia pilotua da, eta errepikatuko da gaur egun Txurdinaga eta Bolueta artean eraikitzen ari diren igogailu berrian. Helburua da energia-sorkuntza eta -kontsumoa zehatz-mehatz monitorizatzea behar besteko denbora-tarte adierazgarri batean, irizpide teknikoak ezartzeko, etorkizuneko proiektuetan eta are lehendik dauden hiri-igogailuetan ere ezartzeko aukera emateko.

Miraflores etorbidearen eta San Joakim kalearen artean kokatuta dago igogailua.

Mugikortasun bertikala

Dagoeneko 82 elementu mekaniko daude martxan hirian, igogailuen, arrapalen eta eskaileren artean.

Kopuru handia da, eta egiten ari diren bost igogailuak gehitu beharko zaizkio laster: San Frantzisko auzoan, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen arteko igogailua, 3.089.962,83 euro; beste bat Bolueta eta Txurdinaga artean, 1.359.889,77 euro; eta beste hiru Zurbaranbarri auzoan, 2.543.462,19 euro.

Gainera, badira beste bi lizitazioan daudenak: Iralan, 1.038.789,39 euro; eta Sagarminaga etxaldean, 1.306.404,90 euro.

Auzokide Plana

San Joakim kaleko igogailua egiteko lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planean sartzen dira, eta, beraz, 4. barrutiko (Begoña) bizilagunek lehenetsi dituzte.