Udal merkatuak sendotu nahi ditu Bilbok
'Merkati' Bilboko udal-merkatuen irudi ikonikoa sendotu egin da, eta bere identitate bisuala eta emozionala indartu da
Astelehen honetan goizean, otsailaren 16an, abiarazi egin duBilbao Zerbitzuak elkarteak joan den abenduan kaleratutako udal-merkatuen posizionamendua indartzeko kanpainaren bigarren fasea.
Relacionadas
Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotzi eskuordeak adierazi duenez, "merkatuak biziberritzea da helburua, tokiko merkataritzaren bihotza izan daitezen. Haien presentzia, garrantzia eta balioa indartu nahi dugu, herritarrekin daukaten lotura sustatu –batez ere belaunaldi gazteenekin– eta kontsumo arduratsuaren, hurbileko ekonomiaren eta Bilboko eguneroko bizitzaren funtsezko espazio gisa kokatu".
Fase berri honetan beste urrats bat emango da hiriko sei udal-merkatuen gizarte- eta hiri-aktibazioan, eta identitate bisuala, merkataritza-dinamizazioa eta konexio digitala uztartuko dira. Kanpainak haien presentzia fisikoa indartuko du; horretarako, merkatariek mantal korporatiboak jasoko dituzte eta saltokietan bezeroen artean oihalezko poltsa pertsonalizatuak banatuko dira, merkatuen irudia kaleetara eta herritarren egunerokotasunera eramanez eta erosketa bakoitza tokiko merkataritzari laguntzeko keinu ikusgarri bihurtuz.
Estrategiak ingurune digitalari eta publiko berriei zuzendutako ekintza bat ere jasotzen du. Martxoaren 3an Instagrameko eragin-sortzaileak eta eduki-sortzaileak bilduko dira Erriberako Merkatuko ESHBIko sukaldaritza-eskolan. Topaketaren helburua da eduki erakargarria eta hurbila sortzea, belaunaldi berriekin konektatzeko eta udal-merkatuen irudia berritzailea, dinamikoa eta esperientziazkoa proiektatzeko, haien eskaintza, kalitatea eta topagune modura daukaten dimentsioa erakusteko. Saioa Adrián Rejón MasterChefeko lehiakide eta Otxarkoagako bizilagunak gidatuko du eta berarekin izan nahi duten hedabideentzat zabalik egongo da.
Ekimena indartzeko, gainera, publizitate-kanpaina bat egingo da tokiko hedabideetan eta beste euskarri batzuetan (Metro eta Bilbobus), mezuaren irismena handitzeko eta merkatuak hiri osoan ikusgai jartzeko.
Merkati, etapa berri baten sinboloa
Kanpainak 'Merkati' pertsonaia ikonikoa du protagonista, erosketa-orga klasikoaren berrinterpretazio garaikidea. Figura hori ekintza eta euskarri guztien ardatz nagusia da, eta koherentzia, nortasuna eta ezagutzeko potentzial handia ematen ditu. Merkatik, erosketa ez ezik, kontsumitzeko modu bat ere adierazten du: hurbila, jasangarria eta tokiko merkataritzari lotua.
Gainera, "Gauza batzuk beti daude boladan. Aititak eta amamak ondo zekiten" lelopean, kanpainak herri-jakinduria eta merkatuen berezko balioak lotu nahi ditu: produktu freskoa, gertuko tratua, konfiantza eta jasangarritasuna. Mezua "Erosi freskoa. Erosi bertokoa" esaldiarekin eta "Igo gurdira!" zuzeneko deiarekin osatzen da. Horren bidez, herritarrak gonbidatzen dira Bilboko identitatearekin bat datorren kontsumo-eredu kontzienteago batean aktiboki parte hartzera.
Udal-merkatuak, espazio biziak eta garaikideak
Bigarren fase honetan, Bilbao Zerbitzuak udal-merkatuak sendotzeko apustua berresten du, hiriko bizitzako espazio biziak, egungoak eta funtsezkoak izan daitezen, espazio horietan tradizioa eta modernitatea modu naturalean elkarrekin bizi baitira.
"Azken helburua erreakzio argia eragitea da: merkatuei harrotasunez, gogoz eta emozioz berriz begiratzea. Espazio horiek gure memoria kolektiboaren parte dira, baina baita gure orainaren eta etorkizunaren parte ere", amaitu du Álvaro Pérezek.