Datorren ostegunean, ekainaren 4an, goizeko 8:00etataik 14:00etara bitartean, Arriaga Antzokiak Klasikoen Irakurraldi jarraituak ekimenaren hemeretzigarren edizioa jasoko du. Aurten Txillardegiren 'Leturiaren egunkari ezkutua' izeneko obra irakurriko da. Ekimena Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute.
1957. urtean argitaratua, 'Leturiaren egunkari ezkutua' dugu lehen euskal nobela modernoa, hainbat adituen arabera. Obra honek berrikuntza handia ekarri zuen euskal literaturan, bai formaren aldetik bai gaien aldetik. Nobela “bere giroko seme da” (Txillardegi, 1977ko hitzaurrean). Existentzialismoa zen garaiko korronte filosofiko-literario nagusia, eta eleberrian nabaria da testuinguru horren eragina (Jean Paul Sartre, Albert Camus…). 'Leturiaren egunkari ezkutua', azken finean, munduan izateari (existentziari) buruzko gogoeta da eta, lehendabiziko aldiz, protagonista konplexu baten barne-gatazkak jorratzen ditu.
Liburu honekin, Txillardegik sorkuntzarako zelai berria zabaldu zuen eta bidea urratu zuen ondoren etorri ziren idazle handientzat (Saizarbitoria, Atxaga...). Euskal literaturaren ibilbidean, hortaz, mugarria izan zen Leturiaren egunkari ezkutua, eta Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIX. edizioak ekarpen hori omendu nahi du.
Osteguneko ekitaldian Joseba Sarrionandia idazleak ((Iurreta, 1958) emango dio ahotsa Jose Luis Álvarez Enparantza, ‘Txillardegi’ri (Donostia, 1929-2012). Bera izango da Arriagan 'Leturiaren egunkari ezkutua' lehenengo lerroak irakurriko dituena, goizeko 08:00etan.
Ondoren, ehunka pertsona txandaka arituko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek. Besteak beste, Arriagatik pasatuko dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ibone Bengoetxea sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia edota herri elkarteetako ordezkariak, euskaltzainburuak, unibertsitateko errektoreak, hedabide, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomista, abokatu eta ingeniarien kolegioetako partaideak eta beste asko. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira. Horri antolakuntzan egongo diren beste 50 boluntario gehitu behar zaizkio.
Urtero bezala, Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.
19 urte irakurketa egiten
Bilbo Zaharra euskaltegia, orain dela 50 urte baino gehiagoko sorreratik bertatik, Bilboren bihotzean, euskara ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, besteak beste, honako ekimenak: Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea... eta baita Bilbo Zaharra Forum ekimena ere: euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia-kaxa eta eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo topagunea.
Hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egitasmoa. Honek hasiera-hasieratik helburu bikoitza izan du, gainera: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horrexegatik kokatzen da irakurketa ikasturtearen amaieran, Euskara-ikasleen jaiaren muinean.