Ez da izan asteburu erreza Aratusteak ospatzeko Bilbon. Eguraldi txarrak hainbat ekintza bertan behera uztera behartu egin du, baina astelehen honetatik aurrera aurreikusitako egitarauarekin jarraituko du Udalak. Hala, familiak izango dira protagonista nagusiak bihar, haiei zuzendutako jarduerak egongo baitira, Plaza Barria agertoki nagusi bihurtuz.
12:30ean, Bilboko Udal Musika Bandak familientzako kontzertua eskainiko du Mitxel Santamarina eta Iñaki Marurirekin batera, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Musikaren, umorearen eta hurbiltasunaren arteko uztarketa izango da proposamena.
Arratsaldean, 16:30etik 19:30era bitartean, Plaza Barrian haurrentzako tailerrak egingo dira, txikienei Aratusteez gozatzen jarraitzeko espazio sortzaile eta parte-hartzailea eskainiz.
Astearteko programazioa
Otsailaren 17an, asteartea, 2026ko Aratusteen agur handia ospatuko da, baina aurretik jai-egun bizia izango da. Egitaraua 12:30ean hasiko da Plaza Barriko karpan, Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertuarekin; Eriz Pérez gitarra-jotzailea eta Amaiur Cajaraville baxu-jotzailea izango dira lagun. Ikuskizuna Anduriña Zurutuza pailazoak gidatu eta girotuko du.
Arratsaldean, Plaza Barritik abiatuko da Sardinaren Ehorzketa tradizionala. 19:00etatik aurrera, Farolín eta Zarambolas buru dituen hileta-segizioak, musikari, dantzari eta artistekin batera, hiriaren erdigunea zeharkatuko du Aratusteei agur sinbolikoa emanez. Ibilbidea Arriaga plazan amaituko da, eta bertan egingo da sardinaren erretzea, Sardina Erre Que Erre ikuskizunarekin, Bilboko 2026ko Aratusteei amaiera emanez.