Síguenos en redes sociales:

Merkataritza Ekintzailetzaren Euskadiko lehen biltzarra jasoko du Bilbok

‘Ekin Retail’ biltzarra, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak antolatuta, Azkuna Zentroan egingo da, abenduaren 11n

Merkataritza Ekintzailetzaren Euskadiko lehen biltzarra jasoko du BilbokB. U.

Datorren astean, zehazki abenduaren 11n, 'Ekin Retail' izeneko Merkataritza Ekintzailetzaren Euskadiko lehen biltzarra egingo da Azkuna Zentroan. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak eta Bilboko Udalaren Bilbao Ekintza udal-sozietateak antolatu dute ekimen hau.

Biltzarra 09:45ean hasiko da irekiera-ekitaldi labur batekin. Bertan parte hartuko dute, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak eta Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo Zinegotziak. 

‘Ekin Retail’ Merkataritza Ekintzailetzari buruzko I. Biltzarrak lelo hau izango du: “Inspiratzen gaituen iragana. Desafio egiten gaituen oraina. Eraikitzen dugun etorkizuna. Helburu nagusia da Euskadiko ekintzaileen, erakunde publiko eta pribatuen, elkarteen, saltokien eta profesionalen arteko topagune bihurtzea, non berrikuntzari, jasangarritasunari eta negozio-eredu tradizional eta disruptiboei buruzko esperientzia inspiratzaileak partekatu ahal izango dituzten.

Goizeko 09:45etik 18:00etara bitartean, hitzaldiek, mahai-inguruek, solasaldiek eta networking guneek, aukera emango diete bertaratutako pertsona guztiei beren proiektuak edo saltokiak aurrera eramateko benetako adibide eta aukeren lekuko izateko, lankidetza eta enpresa ekimen berrien garapena erraztuko duen gune bat sortuz.

Kutxabankek babestutako eta Xabier Madariaga kazetariak moderatutako biltzar honetan kasu arrakastatsuak emango dira ezagutzera, eta tokiko ekonomian merkataritza-ekintzailetzak duen egitekoa indartuko da.

Istorio inspiratzailez betetako programa

Irekiera instituzionalaren ondoren, “Nire denda nire istorioa: ekiteko gakoak”elkarrizketa inspiratzailearen txanda izango da, non Txema Pascualek (Artepan) eta Fernando Taranconek (Joker) parte hartuko duten. Jarraian, “Ekin zeure erara: ereduak eta esperientziak” mahai-inguruan, Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritza eta Ekintzailetza zuzendari Antonio Secok moderatuta, zerotik hasi diren pertsonen adibideak ezagutaraziko dira (Asier Ortiz de Zarate, Kick by Ortiz), baita eskualdatze bat bizi izan duten pertsonen adibideak (Laura Inés Hunter, Larralde), frankizia adibide bat (Amaia Ladislao, Eroskiren frankizia); eta familia negozioaren adibide bat ere (Nora Zubiri, Zubiri 1908).

Eguerdiko 11:45ean, Zorraquinoren sortzaile eta presidente Miguel Zorraquinok XXI. mendeko merkataritzaren joerei buruzko hitzaldia emango du.

“Ekosistema ekintzailea: aliatuak eta tresnak” mahai-inguruan ondokoek hartuko dute parte: Isabel Muelak, DEMA Enplegurako eta Ekintzailetzarako Foru Agentziako zuzendariorde eta gerenteak; Nerea Hormaetxek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kideak; Idoia Lizeagak, Idoia Lizeaga Iturralde tailer-estudiokoak, eta Nuria Barreirosek, JB Modasekoak. Mahaiaren moderatzailea Naiara Etxebarria izango da, Kutxabankeko negozio-bankako arduraduna.

Atsedenaldiaren aurretik, “Klikatzetik mostradorera” hitzaldia eskainiko da, Celestino Martinez Actualiza Retail. aholkularitzako arduradunaren eskutik. Arratsaldean, 15:30ean, “Diseinuak axola du: lokala eta esperientzia”hitzaldiaren txanda izango da, Flow enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusi Jesús Caok eskainitakoa.

Azken mahai-ingurua María López Negrete CECOBIko presidenteak moderatuko du, eta izenburu hau izango du: “Tokiko erreferenteak: ekintzailetzak funtzionatzen duenean”. Honako hauen parte hartzearekin: María Mora, La Manducatecaren sortzaileetako bat; Nagore Ramos, Charamel; Begoña Rodríguez, Radio Rhin; Vanesa Orejuela, Esencia Centros Médico-Estéticos, eta Cristina Múgica,  Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusia

Muxote Potolo Baten eskutik biltzarrari amaiera emateko ekitaldiaren aurretik, 17:00etan solasaldi bat egongo da, “Mostradorearen atzeko istorioak”‘Ekin Retail’ Merkataritza Ekintzailetzaren lehen Biltzarraren azken saioa izango da hori, eta ondokoek hitz egingo dute: Ander Lantarónek, Cabecita de Ajo; Lourdes Leozek, Leoz euritako-denda; Ariane San Vicentek, Zabalguneko merkatuan kokatutako eta gosarietan espezializatutako La Currita lokalekoak, eta Pili Jiménezek, Muchas Telas.