Astearte honetan goizean hasi egin ditu Bilboko Udalak bihar, abenduaren 3an, ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunak. Udaletxeko Arabiar aretoa izan da ekitaldiaren egoitza, eta Zea Mays talde bilbotarrari egindako omenaldia izan da ekimen nagusia. Bertan parte hartu dute Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciagak eta Udalbatzako ordezkariak.
Ekitaldian, gainera, ezagutzera eman dira Jon Kortazarrek idatzi eta Bilboko Udalak argitaratu duen "Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea" liburua, Bilboko poeta handiaren heriotzaren 50 urte betetzen direnean, eta Udalarekin Euskaraz kanpaina, hiri osoan zenbait euskarritan ikus daitekeena.
Zea Mays taldeak –Aiora Renteria (taldeko ahotsa, Aste Nagusiko pregoilaria 2023an), Asier Basabe (bateria), Ruben González (baxua) eta Iñaki Imaz (gitarra)– Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen omenaldia jaso du, Bilboko Txistularien Udal Bandak taldearen hainbat pieza interpretatu dituen une berezi batean.
Zea Mays taldea 1997ko ekainean sortu zen. Uda horretan bertan, gero Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketan sarituko zen maketa grabatu zuten. Bere ibilbide arrakastatsua hasi besterik ez zen egin, ahalik eta modurik bilbotarrenean, berehala aldarrikatu baitzuten Euskal Bandarik Onena Bilbo Hiria Pop Rock X. Lehiaketan. Hortik aurrera, taldeak hainbat disko grabatu eta sariak irabazi ditu, gero eta publiko handiago eta leialaren babesean.
Jardunaldiko beste protagonista bat Jon Kortazar idazleak egin eta Bilboko Udalak argitaratutako "Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea" liburua izan da, Bilboko poeta handiaren heriotzaren 50 urte bete direnean. Kortazar bera ospakizunean izan da eta lan horrek Gabriel Arestirengana hurbiltzen gaitu, lehen poemetatik azken poemetara, bere garaiko historia haren eskutik zeharkatuz.
Azkenik, Udalarekin Euskaraz kanpaina aurkeztu da, hiri osoan hainbat euskarritan ikusgai dagoena. Kanpaina horrek bilbotarrak animatzen ditu udaletxera eta bertako zerbitzuetara jotzeko orduan erabiltzen duten lehen hitza euskaraz izan dadin, eta horren garrantzia azpimarratzen du.
Kontzientziazio-kanpaina bat da, helburu bi dauzkana: herritarrak udal-administrazioarekin euskaraz komunikatzera animatzea, eta udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzea, lan- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Bilboko Udalak herritarrei jakinarazi nahi die hizkuntza-eskubide batzuk dauzkatela, eta Udalak euskaraz erantzun diezaiekeela, baina, eskubide horien erabilera administrazio-eremura hedatzeko, Udalak bilbotarren laguntza behar duela.
Azkenik, aurten ere, Bilboko Udalak bat egin du EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako Euskararen Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin, "Euskara zugan, nigan, gugan" lelopean.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ospakizunaren garrantzia nabarmendu du. "EBko biztanleen % 10ek eskualdeetako, eremu urriko edo desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntzaren bat hitz egiten du. Politika publikoak funtsezkoak dira hizkuntzek bizirik irauteaz gain aurrera egiten dutela bermatzeko, munduko kultura- eta hizkuntza-aniztasunari lagunduz; horregatik da garrantzitsua arreta jartzea eta atzerriko arreta erakartzea euskaran, gure altxorrik handiena baita".
Aburtok azpimarratu duenez, "Bilboko Udalak, bere jardunean, babes horrekin konprometituta dago. Eta erantzukizun horri hainbat modutan ematen dio aurpegi; esaterako, plan eta programak abian jarriz, pertsona eta kolektiboei laguntza ekonomikoak bideratuz eta gizarte mailan herritarrak sentsibilizatzeko eta motibatzeko sortzen diren ekimenekin bat eginez, hala nola Euskararen Nazioarteko Egunarekin". Hori bai, Bilboko alkateak adierazi duenez, "euskararen jauzia gutako bakoitzean dago".