Síguenos en redes sociales:

Zabalik 2025eko Bilboko Ospetsua hautatzeko bozketa

Azaroaren 30era arte egongo da botoa emateko epea zabalik

Zabalik 2025eko Bilboko Ospetsua hautatzeko bozketaB. U.

Astelehen honetan, azaroaren 24an, ireki da 2025eko Bilboko Ospetsua hautatzeko botoa emateko epea. Aurtengo finalistak Joaquín Achúcarro Arisqueta, Cecilio Gerrikabeitia Orbea eta Juan Ignacio Vidarte Fernández dira. Epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik, eta urian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona guztiek eman ahal izango dute botoa, Udalaren webgunearen bidez edo Udaltegietako Bilbao Click makinen bidez.

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du hiriko ospetsua hautatzeko aurten lehen aldiz abiatu den partaidetza-prozesuan, herritarren inplikazioa indartzeko eta hiriari lotutako ibilbide bereziki garrantzitsuak saritzeko.

Herritarren proposamenak jasotzeko fasean 228 pertsonak parte hartu dute, eta 46 hautagai aurkeztu dituzte guztira.  Egindako azterketa teknikoaren ondoren, 37 hautagaitza baliozkotzat jo dira, Ohoreei, Merezimenduei eta Zeremonialari buruzko Udal Araudian ezarritako irizpideak betetzen baitituzte.   Proposatutako 37 izen horietatik, 23 gizonei dagozkie, hau da, guztizkoaren ia bi heren (% 62,2) eta 14 (% 37,8) emakumeak dira. Beraz, 9 hautagaitza baztertu dira: 2, aurretik ere ospetsuen titulua jaso dutelako; 5, elkarteak izateagatik, eta 2, kolektiboen izenak edo generikoak izateagatik.

Proposamenek profil eta ekarpen-eremu ugari ekarri dituzte, batez ere kulturari lotutako ibilbideak, eta, ondoren, gizarte-ekintza, osasuna, kirola, komunikabideak eta garrantzi publikoko beste sektore batzuk.

Azaroaren 13an, Hiri Kontseiluaren osoko bilkura egin zen. Herritarren partaidetzarako udal-organo horrek Bilboko gizartearen aniztasuna islatzen du, eta interes publikoko gaiak aztertzen eta baloratzen laguntzen du. Bileran, bozketa sekretua egin zen hiru hautagaitza finalistak zehazteko, eta Hiri Kontseiluko kide bakoitzari gehienez ere hiru proposamen desberdin babesteko aukera eman zitzaion. Guztira, 64 pertsonak parte hartu zuten, eta 182 boto baliodun zenbatu ziren.

Finalisten aipamen laburra

Joaquín Achucarro Arisqueta. Mundu osoan ezaguna den Bilboko pianista, UNESCOk Bakearen aldeko artista gisa aitortua. Munduko eszenatoki nagusietan sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidea dauka, eta Bilboren izena leku guztietara eraman du. Bere irakaskuntza-lan eta lan artistikoagatik, eta piano-jole gazteen prestakuntzarekin daukan konpromisoagatik, hiriak eman duen kultura-figura garrantzitsuenetako bat da. 2004an Bilboko seme kutun izendatu zen, Udaleko Osoko Bilkurak hala adostuta.

Cecilio Gerrikabeitia Orbea Bilboko bizitza kulturalaren funtsezko figura da. Bilboko Koral Elkarteko (1981-2013) presidente izanik, elkartearen berrikuntza eta atzerrian izan duen proiekzioa bultzatu du hiru hamarkada baino gehiagoz, eta hiriko musika-erreferente gisa sendotu du. Bere ibilbideak Bilboko kulturarekin eta nortasunarekin daukan konpromiso sendoa islatzen du. Gainera, lotura estua du hiriarekin eta Athletic Cluben garaipenak gabarrak ospatzearen bultzatzaileetako bat da, sinbolo hori oso errotuta baitago Bilbon.

Juan Ignacio Vidarte Fernández. Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia izan da ireki zenetik 2024ra arte. Museoa nazioarteko erreferente izatera eta eraldaketa urbano, ekonomiko eta kulturalerako eragile izatera eraman du. Hiriari estu lotuta dago bere ibilbidea, eta eragin erabakigarria izan du hiriaren proiekzio globalean eta Bilbo garaikidearen nortasunaren eraikuntzan. Bere lanak kulturaren, berrikuntzaren eta hiri-garapenaren arteko harremana ulertzeko modu berri bat bultzatzen du, hiriaren nazioarteko prestigioa indartuz.

Bozketa prozesua

Bilbon erroldatuta dagoen eta 16 urte baino gehiago dituen pertsona orok hiru hautagaitza finalistetako baten aldeko botoa eman ahal izango du, udalaren www.bilbao.eus web-orrian formulario sinple bat betez, edo aurrez aurre, udaltegietan dauden Bilbao Click bulego elektronikoetan.

Herritarrei irekitako bozketan babes gehien jasotzen duen hautagaitza izendatuko da Bilboko 2025eko ospetsu, Bilboko alkatearen ebazpen bidez. Prozesu honek garrantzi berezia du; izan ere, erabakia herritarren esku dago, eta haien parte-hartzeak legitimitatea ematen du eta aintzatespen hau benetako omenaldi kolektibo bihurtzen du.