Datorren asteazkenean, azaroaren 26an, Bilboko Udal Txistulari Bandak 'Klasikoen txokora' izeneko kontzertua eskainiko du Euskalduna Jauregian. Emanaldia 19:00etan hasiko da 0D aretoan, eta bandarekin batera Iñar Sastre piano-jotzailea izango da.

80ko hamarkadan txistua kontserbatorioetan sartu zenean txistu eta pianorako obrak sortzen hasi ziren hainbat musikari, batez ere kontserbatorioko ikasketetan egoki suertatzeko lanak izateko. Ordutik, instrumentu-konbinazio horrek gero eta errepertorio zabalagoa sortu du, eta jatorrian beste instrumentu batzuetarako idatzitako obren egokitzapenak ere gehitu zaizkio.

Omenaldi berezi hau egiteko, txistulari boskoteak Iñar Sastreren laguntza izango du. Sastrek pianoko goi mailako ikasketak egin zituen Musikenen eta gero, bere ezagutza Parisko Kontserbatorioan aberastu zuen eta gaur egun jazza ikasten ari da. Horrez gain, Gasteizko Kontserbatorioan irakasle da eta gaur egun Musikenen ere irakasten du.

Gabonak iristearekin batera, abenduaren 16an Campos Elíseos antzokiak “Elur Malutak” kontzertu korala hartuko du. Bertan parte hartuko dute Ahotsak Abesbatzak, Miren Bernaolak zuzenduta, Haur abesbatzak Maite Olmosek zuzenduta eta Bilbao Musikako txistu-ikasleekJon Gómez Garaik aurkeztuta, garai hauetako berotasuna eta espiritua piztuko dituzten pieza tradizionalak zein gaur egungo sorkuntzak eskainiko dira.

Bilboko Udal Txistulari Banda

Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.