Síguenos en redes sociales:

Animazio-zinemaren aldeko apustua indartu du Zinebik

Jaialdiak fikziozkoak eta dokumentalak baino animazio-titulu gehiago programatu ditu Sail Ofizialean

Animazio-zinemaren aldeko apustua indartu du ZinebikB. U.

Datorren ostiralean, azaroaren 21ean, hasiera emango zaio Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren 67. edizioari, azaroaren 29ra arte luzatuko dena. Bada, aurtengo edizio honetan animazio-zinemarekiko konpromisoa indartuko du jaialdiak.

Jaialdiaren kartel ofizialetik bertatik hasita, Jose Luis Agredaren obra —'Robot Dreams' edo “Buñuel en el laberinto de las tortugas” filmen arte-zuzendaria—, Sail Ofizialean, Jaialdiak animazioko titulu (20) gehiago eskaintzen ditu fikziozkoak (19) eta dokumentalak (19) baino. Modu horretan, 'El cuerpo de Cristo' bezalako obrak ikus ahal izango dira, Bea Lemaren opera prima, Komikiaren Sari Nazionala izandakoa 2024an, eta Bilbon egingo da mundu-mailako estreinaldia.

ZINEBIren animazio-zinemaren programazioan ‘Czech Focus’ zikloa ere badago, eta Europako zinemaren tradiziorik liluragarrienetako bat ezagutzera gonbidatzen du: txekiar animazioa. Trnka, Zeman edo Švankmajer unibertso poetikoetatik hasi eta Daria Kashcheeva buru zuen belaunaldi berri baten begirada ausartetara, atzera begirako honek, hogei bat izenburu tartean direla, ia mende bateko irudimena, esperimentazioa eta artisau-edertasuna zeharkatzen ditu. Panpina, itzal eta ametsen arteko bidaia izango da, eta film bakoitzak animazioa arte nagusi bihurtu zuen herrialde baten espiritu aske eta ameslaria erakutsiko du.

Horrez gain, Zinebi Txikik haurrei zuzendutako programaren barruan lau film txekiar eskainiko ditu, Europako haur-animazioko eskolan erreferentzia direnak, eta Arriaga Antzokian eta Guggenheim Bilbao Museoan ikus ahal izango dira.

Euskal animazioaren ekosistema indartzea

Zinebi Animation Lab laborategi berriaren asmoa da euskal animazioaren ekosistema indartzea prestakuntzaren, sorkuntzaren eta hausnarketaren bidez. Aldi baterako eta elkarlanerako espazio gisa sortu denez, laborategiaren helburua da animatzaile gazteak estatuko eta nazioarteko erreferentziazko profesionalekin konektatzea nahiz jakintzen trukea, esperimentazioa eta proiektu pertsonalen eta kolektiboen garapena sustatzea.

Zinebi Animation Lab azaroaren 26tik 28ra bitartean izango da Azkuna Zentroan, Zinebi Networking-en barruan. Sei ardatz nagusi izango ditu: jaialdirako buru animatuak sortzea; miniegonaldiak sortzen ari diren proiektuak garatzeko; ‘stop motion’ tailer inklusiboa, ikusmen-urritasuna duten haurrentzat; Europako animazio-arloko profesional nabarmenek emandako eskola magistralak; industriako topaketa sektoriala Epe-Ibaia erakundearekin elkarlanean; eta artista gonbidatuekin konektatzeko eta hitz egiteko hainbat jarduera.

Ekintza horiek proiektuaren belaunaldi arteko dimentsioa azpimarratzeaz gain, berdintasuna eta irisgarritasuna sustatu eta Zinebiren nortasuna indartzen dute, ikus-entzunezko arloko berrikuntza-plataforma gisa.

Laborategian, mentoria-programa bat landuko da honako hauek bezalako sortzaileekin: Sébastien Sperer, Ivana Volda, Pedro Rivero, Nuria Gonzalez Blanco, Ivan Miñambres, Jose Luis Agreda, Jesus Mari Lazkano eta Kim Keukeleire, besteak beste. Profesional horiek beren ikuspegiaren, esperientziaren eta metodologien berri emango die hazten ari den euskal kolektiboari. Proiektuek, gainera, jarraipen-segimendu bat egiteko aukera izango dute, ZINEBI Animation Lab egin eta hiru hilabetera.