Bilbok eskola-garraioan jarri du arreta
Azaroaren 10ean, astelehenean, hasita eta hilaren 14ra, ostiralera, arte, Bilboko Udaltzaingoak kanpaina berezi bat egingo du, Bizkaiko hiriburuko errepideetan zirkulatzen duten eskola-garraioko ibilgailuen ikuskapen eta kontrolerako.
Ekimena Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruaren Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da, eta helburua da ikasleak beren ikastetxeetara garraiatzen diren baldintzak egiaztatzea, Bilboko Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbide eta geltokien egokitasuna aztertzea, eta halako garraiorako erabiltzen diren ibilgailuen egoeraren kontrol zorrotza egitea.
Udalaren arabera, Udaltzaingoak bi motatako ikuskapenak egingo ditu. Lehenengoan, administrazio-kontrola egingo da, bai ibilgailuek bai gidariek izan behar dituzten baimen eta dokumentuei dagokienez —gidabaimena, aseguruak, alkohol-probaren emaitzak, eta abar—. Bigarren ikuskapenean, berriz, arreta berezia jarriko zaie eskola-garraiorako erabiltzen diren autobusen ezaugarriei, ikasleen segurtasun handiena bermatzeko helburuarekin.
Urraketaren bat atzemanez gero, dagokion salaketa jarriko da. Halaber, egiaztatuko da Bilboko ibilbideetan diharduten eskola-autobusak Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geltokiak betetzen dituztela.
Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak bildutako datu guztiak taula batean jasoko dira, ondorengo tratamendu estatistikorako, horretarako aurrez ezarritako adierazleen arabera. Bestalde, prebentziozko kontrolak egingo dira, eskola-garraioaren gidariek alkohola edo drogak kontsumitu dituzten ala ez egiaztatzeko, segurtasunaren zaintza eta kontrola areagotzeko asmoz.