Udaltzainen eguneroko lana omentzeko eta Udaltzaingoa osatzen duten ikuskaritzetako lanari balioa emateko bideo korporatibo baten proiekzioarekin ospatuko du bihar Bilboko Udaltzaingoak erakundearen 181. urteurrena.

Bideoak Udaltzaingoaren egungo ikuspegi dinamikoa erakusten du: herritarren segurtasunean duen inplikazioa, trafikoaren erregulazioa, gailuen ezarpena, biktimen arreta, hiri-ingurunearen babesa, Bilboko bizilagunei eguneroko bizitzan lagun egitea edo bide-segurtasuneko prestakuntza, besteak beste.

Urteurreneko ospakizun bi

Bihar, ostirala, azaroak 7, eta urteurrenaren bezperan, Bilboko Udaltzaingoaren ia ehun urtetik gorako ibilbidea gomutatzeko aurreikusitako bi ekitaldiak egingo dira.

Lehenengoa ekitaldi instituzionala izango da eta Arabiar Aretoan egingo da. Ekitaldian zehar, diplomak eta dominak emango zaizkie beren karreran zehar erakutsi duten konpromisoagatik eta profesionaltasunagatik nabarmendu edo azken urtean merezimendu handiko esku-hartzeak egin dituzten udaltzainei.

Bigarren ekitaldia herritarrentzat izango da; hain zuzen ere, Miribillako komisaldegian ate irekien jardunaldia antolatu da, udaltzainek egiten duten lana bilbotarrei erakusteko. Bisitak gehienez 25 laguneko taldeetan antolatuko dira, 17:00etatik 20:00etara, Udaltzaingoaren instalazioak, baliabideak eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz. Izena emateko prozesua joan den urriaren 27an ireki zen, eta harrera ezin hobea izan du. Egun gutxiren buruan bete dira plaza guztiak.