Síguenos en redes sociales:

Suaren aurrean nork bere burua babesteko kontzientzia hartzeko kanpaina abiarazi du Bilbok

Programaren barruan hainbat jarduera egingo dira, azaroaren 9tik 12ra, hainbat kolektibori zuzenduta

Suaren aurrean nork bere burua babesteko kontzientzia hartzeko kanpaina abiarazi du BilbokB. U.

Datorren igandetik asteazkenera bitartean, hau da, azaroaren 9tik 12ra, Suteen Prebentziorako Astea ospatuko da Bilbon. Egun horietan, herritarrak kontzientziatzeko suteen prebentzioaren eta suteen autobabesaren garrantziaz ohartarazteko jarduerak egingo dira. Ekimena Bilboko Udalak antolatu du, Mapfre Fundazioarekin eta Suhiltzaileen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin (APTB) lankidetzan.

Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak adierazi duen bezala, ekimen honek bi alderdi ditu: ludikoa eta profesionala. “Alde batetik, mezu argi eta praktikoak helarazi nahi dizkiegu herritarrei, etxean sute bat prebenitzeko eta suteei aurre egiteko moduari buruz, eta, bestetik, topaketa eta hausnarketa teknikorako gune bat sustatu nahi dugu sektoreko profesionalentzat, hiri-inguruneetako larrialdi-zerbitzuek aurre egin beharreko arrisku-leku berriei buruz”.

2025eko Prebentzioaren Asteko programaren barruan, bada, hainbat jarduera egingo dira hainbat kolektibori zuzenduta. Prestakuntza teknikoa, tailer praktikoak eta dibulgazio-jardunaldiak uztartuko dira.

Prebentzio-kanpaina hau urteko azken hiruhilekoan egiteko arrazoia da, funtsean -Europako Prebentzioaren Astearekin batera ospatzeaz gain-, urte sasoi horretan gertatzen dela, estatistikoki, suteen ondorioz hildakoen kopuru handiena, batez ere etxebizitzetan.

Azaroaren 9an, lehen sorospenetako erakustaldiak eta tailerrak

Datorren igandean, azaroak 9, Prebentzioaren Astearen barruan aurreikusitako ekitaldiak hasiko dira: erakustaldiak, lehen laguntzako tailerrak eta erakustaldiak su-itzalgailuekin, ke-detektagailuen banaketa, crash show bat... Ekitaldi horiek Osasun Langileen plazan, Basurtun, Bilbo Intermodalaren geltokiaren ondoan, egingo dira.   

Jardunaldi hau batez ere haurrak dituzten familiei begira antolatu da, eta 10:00etatik 14:00etara izango da.

Jardunaldi teknikoak

Azaroaren 10ean (astelehena) eta 11n (asteartea), bi jardunaldi tekniko egingo dira, bat sektoreko profesionalentzat eta bestea finka-administratzaileentzat. Hala ere, biak irekita egongo dira publiko orokorrarentzat, edukiera osatu arte.

Ildo horretan, hilaren 10ean, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi-aretoan hitzaldi-ziklo bat egingo da, lurpeko azpiegituretako edo fatxada aireztatuak dituzten eraikinetako suteekin lotutako arrisku-egoera berriei buruz, bai eta garraiobideetan energia alternatiboak erabiltzearen ondoriozkoei buruz ere.

Goizeko 9:30etan hasiko da eta 13:30ak aldera amaitzea aurreikusten da.

Bitartean, azaroaren 11n (asteartea), hitzaldi bat emango dute Babes Zibileko Prebentzio Sailataleko buruak eta Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuko ikuskatzaile buruak. Bizkaiko Finka Administratzaileen Elkargoan izango da 10:00etatik 12:00etara.

Ekimen horrek Finka Administratzaileen Elkargoaren berariazko babesa du, eta finka-administratzaileei zuzenduta dago bereziki, auzotarren erkidegoei prebentzio-jarraibideak helarazteko eta bizitegi-segurtasuneko agente gisa duten zeregina indartzeko.

Hitzaldi hezitzailea

Azkenik, hilaren 12an (asteazkena), ikasle nerabeei zuzendutako hitzaldi bat emango da Bilboko Miguel de Unamuno Institutuan. Bilboko suhiltzaileek emango dute, eta autobabesa eta litiozko bateriekin lotutako arriskuak aztertuko dituzte, besteak beste, patinete elektrikoetan, telefono mugikorretan eta bapeadoreetan.

Prebentzio-lana

Udalak, Babes Zibileko Zuzendaritzaren bitartez, prebentzioaren aldeko apustua egiten du bere jardueran. Ildo horretan, suteen arloko autobabeseko prestakuntza sustatzen du, Miribillako suhiltzaile-etxera bisita gidatuak eginez. Bisitaldi horiek ikasturte osoan egiten dira, eta hiriko ikastetxeetara zuzenduta daude.

Bisita horien helburua da, besteak beste, larrialdien aurrean segurtasun pertsonala eta kolektiboa lehenetsiko dituzten jarrerak irakastea.

9 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat egiten da jarduera hori, baina beste zentro edota kolektibo mota batzuei ere irekita dago (hezkuntza berezia, adinekoak...). Jarduerak bi ordu inguru irauten du, eta bi zati ditu: gelako prestakuntza eta hangarra bisitatzea. Ostegunetan egiten da, urritik ekainera bitartean.

2024an, Bilboko hamabost ikastetxetako 594 ikaslek parte hartu zuten bisita horietan.