90.000 euroko aurrekontua bideratuko du 'Tan Cerca' laguntza-programak Bilbo, Santander eta Logroñoko hogei bat profesional eta elkartek diseinatutako sei kultura proiektu-finantzatzeko. Horretarako, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailak, Santander Creativa Fundazioak (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unitateak hainbana jarriko dute. Laguntzak sei proiektuen artean banatuko dira, hau da, 15.000 euro bakoitzarentzat.

Hamar horien artean, epaimahaiak sei aukeratu ditu: bi aurreko edizioetan ere onartuak izan ziren, eta lau lehenengo aldiz jaso dira. Kalitatea, interesa, bideragarritasuna, hiru hirietako profesionalen artean lan-sareak sortu izana eta herritarrengan izan duen eragina izan dira hiru hirietako ordezkariek osatutako balorazio-batzordeak duela egun batzuk egindako bilera batean kontuan hartu eta baloratu dituen irizpideen arteko batzuk.

'Tan Cerca' proiektuaren helburua Bilbo, Santander eta Logroñoren arteko kultura-lankidetza bultzatzen eta dinamizatzen jarraitzea da, kultura- eta sormen-sektoreari bere proiektuak taldean gauzatzeko aukera eskainiz. Aurten, dantza, musika, arkitektura, zirku soziala, zinema eta arte digitala jorratuko dituzte, beste hainbat diziplinaren artean.

Hauek dira hautatuak

1. La Reunión en Danza – X. Edizio Berezia, Kantabriako Dantza Profesionalen Elkartea (Movimiento en Red), Bilboko La Fundición eta Logroñoko On&Off antzerki-elkartearen eskutik. REDek hamargarren edizioa beteko du, eta Kantabriako, Euskadiko eta Errioxako dantza garaikidearen sortzaile emergenteak bilduko ditu Santanderren, Logroñon eta Bilbon. Oraingo honetan, Santanderren eta Bilbon deialdi itxia egingo da, eta aurreko edizioetan parte hartu zuten artistak gonbidatuko dituzte. Logroñon, berriz, deialdia irekita egongo da, berriei aukera emateko.

2. ORBITAN 3, Niagara aretoa (Santander), Bilboko RABBA RABBA HEY! kultur elkartea eta Logroñoko Stereo Rock and Roll Bar. Aurten, hiru tokiko banda emergente –parte hartzen duen hiri bakoitzeko bana– eta DJ egoiliar bat konektatuko dituen bira bat proposatu dute, hiru hirietan kontzertuak eskainiz.

3. Ez hain urrun, ezta hain hurbil ere. Arkitektura, hirigintza eta hiriaren gaineko soinu-triptiko bat Santanderren, Logroñon eta Bilbon, La Vorágine Crítica (Santander) kultura-elkartearen, Urbanbat - Hiri Berrikuntzako Bulegoaren eta Logroñoko Taller enBlanco elkartearen eskutik. Santanderren, Logroñon eta Bilbon egindako zuzeneko hiru podcast dira, eta hiri ertainak nola eratzen diren aztertuko dute, hirigintzari, etxebizitzari, mugikortasunari, kulturari edo trantsizio ekologikoari buruzko eztabaiden bidez.

4. Hemen denok sartzen gara. Bakardade-, inklusio- eta irisgarritasun-laborategiak antzerkiaren eta zirku sozialaren bidez, Café de las Artes Teatroren (Santander), Zirkozaurreren (Bilbo) eta Logroñoko La Carcoma Durmiente kultura-elkartearen eskutik.  Ekimen honek ikerketa artistiko eta sozialeko hiru laborategi bultzatuko ditu Santanderren, Logroñon eta Bilbon, kolektibo zaurgarriekin lan egiteko nahi ez den bakardadearen, inklusioaren eta kultura-irisgarritasunaren inguruan.

5. Hurbileko zinema, Sincio de pelis ekoiztetxearen (Santander), Media Attack ekoiztetxearen (Bilbo) eta Los trabajos y las noches zinema eta arte-prozesuen jaialdiaren (Logroño) eskutik. Zinemaren esperientzia kolektiboa berreskuratzea proposatzen dute, hiru hirietako espazio pribatuetan eta hurbileko espazioetan (aretoak, lokalak, lantokiak) proiekzioak eginez, zinemaren inguruan komunitatea sortzeko. Ekimen honek aurrez aurrekoa eta digitala konbinatzen ditu, kultura- eta gizarte-inpaktua saioetatik harago ere bermatuz.

6. Bideotikan SBL, Santanderko Mecha galeriaren, Bilboko Develop elkartearen eta Logroñoko La Lonja 39/41 galeriaren eskutik. Arte digitalaren jaialdi honek 2025ean bosgarren edizioa egingo du Bilbon. Santander eta Logroñora ere zabalduko dira, hiri-pantailak eta erakusketa-espazioak Estatuko eta nazioarteko artisten obra berritzaileentzako agertoki bihurtuz.