Mariana Enriquez idazleak bere liburu berria aurkeztuko du Bilbon
Literatura gotikoaren berritzaile, idazle argentinarrak Euskal Etxea bisitatuko du irailaren 18an, ostegunean
Mariana Enriquez idazle argentinarra Bilbon izango da datorren astean Cómo desaparecer completamente izeneko bere liburu berria aurkezten. Ekitaldia ostegunean izango da, irailaren 18an, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaon, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroan.
Cómo desaparecer completamente obrak gogogabetasunean murgilduta bizi den eta aitaren sexu-abusuen biktima den hamasei urteko gazte baten nondik norakoak kontatzen ditu, gazte horrek bere bizimodu iluna iraultzeko duen beharra, Argentinako enegarren krisi ekonomikoaren testuinguruan.
Mariana Enriquez (Buenos Aires, 1973) kazetaria da, Página/12 egunkariaren Radar gehigarriaren zuzendariordea, eta irakaslea. “Argenitar narratiba berria” deritzoneko kidea da, eta literatura gotikoa eraberritu du, alde batera utzirik Erdi Aroko gaztelu, jauregi eta abadiak eta egoera garaikideetara joz, hala nola Argentinako diktaduraren garaira edo 60ko eta 70eko Londres psikodelikora.
Egunerokotasunaren alderdi makurrak aurkitzea, azaleratzen ez den baina sakon sentitu ohi den hori aurkitzea: horixe da argentinar idazlearen lanen ezaugarri bateratzailea. Enriquez 19 urte zituela hasi zen literatura argitaratzen, eta zenbait hizkuntzara itzuli dira haren obrak; horri esker, Booker Prize sariketako finalista izan zen 2021ean Los peligros de fumar en la cama (Anagrama, 2017) eleberriarekin. Bere literatura-ibilbidean, aipatzekoak ditu Bajar es lo peor (Anagrama, 2022), Chicos que vuelven (Eduvim, 2015) eta Las cosas que perdimos con el fuego (Anagrama, 2016) fikziozko obrak, besteak beste.
Rock musikaren zale sutsua da Enriquez, baita estilo horren punk eta black metal joerena barne, eta jarraitzaileen fenomenoaren alderdi korapilatsuaz jardun zuen Éste es el mar liburuan (Random House, 2017).
Fikziotik kanpo, La hermana menor (Anagrama, 2018) idatzi du, Silvina Ocampo argentinar ipuin-idazlearen biografia; baita zenbait hiritako hilerrietara egin dituen bisiten kronikak ere, Alguien camina sobre tu tumba izenburupean bilduak (Anagrama, 2021). Bestalde, Leila Guerrierok Enriquezen kazetaritza-idatzien bilduma osatu du: El otro lado. Retratos, fetichismos, confesiones (Anagrama, 2022).