Aste Nagusiaren lehenengo igandean, abuztuaren 17an, ibiliko dira Bilboko kaleetatik zehar Bali balea eta bere lagunak. Egun horretan, arratasldeko seietatik aurrera, Balearen Desfilea ospatuko da jaietako une gogoangarrienetako bat den hau.

Kalejira koloretsu honek beste behin ere itsasoko pertsonaiak, arrantzako konpartsak, oihaneko animaliak eta musika-taldeak bilduko ditu, Kantauri itsasoko bizitza eta jaiaren erritmoa uztartzen dituen ibilbide batean.

Puzgarri erraldoiak, txotxongilo mugikorrak, fanfarreak, batukatuak eta koreografiak mugimenduan izango dituen ibilbidea Plaza Biribilean hasiko da eta Kale Nagusian eta Moyua plazan zehar joango da, Areiltza Doktorearen zumarkalearen parean amaitzeko. Desfilea batez ere haurrentzat diseinatuta dago, nahiz eta edizio guztietan familia osoak gozatzen duen; izan ere, Aste Nagusiko jarduera arrakastatsuenetako bat da, 150.000 pertsona baino gehiago hurbiltzen baita hura ikustera.

Itsasoko eta jaietako protagonistak

Balearen desfilea Trokobloco taldearen erritmoarekin hasiko da, 14 musikariz osatutako perkusio-taldearekin. Batukada indartsu batek Baliren itzulera iragarriko du, estilo-nahasketa eginez: samba, reggaea, merengea, funkya, ska... eta beste asko; horrela, jendea Aste Nagusiko familia-jarduera horretan dantzatzera eta parte hartzera gonbidatzen dute.

"Bali" balea handia -12 metro luze eta 5 metro garai da- desfilearen anfitrioia izango da berriz ere, ikusleei ura botako die eta sinbolikoki igeri egingo du Bilboko kaleetan. Balearekin batera joango dira desfilean Olagarro jatorra, bere garroekin konfetia botako duena; Txangurro distiratsua, bere pintza handiekin; Bisigu koloretsua, ahotik kea botako duena; eta Txirla ikusgarria, bira egin eta konfetia botako duena, perla bizidunak bailiran maskorretik aterako diren bi artisten laguntzaz.

Aurten, itsasoak protagonismo handiagoa hartuko du Mare Nostrum konpartsari esker. Konpartsa hori 25 lagunek osatzen dute, eta olatu handiak eta marmoka dantzariak irudikatuko dituzte, Kantauri itsasoko erritmoa Bilboko Kale Nagusira eramanez. Eta ez da faltako Lobas de Mar konpartsa, euskal kostaldeko lanbide tradizionalak ordezkatzen dituzten emakumeek osatua: saregileak, neskatilak eta paketatzaileak. 

Beste une garrantzitsu bat arpoilariak eta haien fanfarrea agertzen direnean izango da. Arpoilariek baleen tradizio zaharra irudikatuko dute dultzainen eta itsas-dantzen erritmora, eta benetakoak ez diren arpoiekin berriz ere konfetia jaurtiko dute. 

Kaleetan erritmoa jarriko dute, halaber, Sama Siku fanfarrea; musika-talde hori Santutxun sortu zen, irabazi asmorik gabe, eta haize- eta perkusio-instrumentuak ditu. Hasieratik, musika amateur gazteak trebatu ditu.

Oihanetik zebra bat, antilope bat, jirafa bat, hipopotamo bat eta tximinoen familia bat etorriko dira gonbidatu gisa.  Congo Massa ikuskizuna ere gehitu da desfilera, Afrikako faunari egindako omenaldi koloretsua, txotxongilo erraldoiekin, txotxongilo erraldoietan eta aireko dantzan espezializatua den Caramantran kale-antzerkiko nazioarteko konpainiaren eskutik. Bilbon arte plastikoak, dantza, antzerkia, zirkua eta zuzeneko musika konbinatuko dituzte.

Eta musikan Brass Street Boys-ek umorea eta erritmoa ekarriko dituzte itsas estetikaz jantzita, 90eko hamarkadako boy band-en omenez. 

16:00etatik aurrera konfeti biodegradagarridun poltsak eta puzgarri protagonistetako baten marrazkia duen maskara banatuko dira, ibilbideko hiru puntutan: Plaza Biribila, Moyua plaza eta Aldundiaren Jauregiaren aurrean. Azken gune horretan, Kale Nagusiko 25ean, desgaitasuna duten pertsonentzako gune irisgarri bat jarriko da. Eremu erreserbatua izango da, mugatua eta irisgarritasunaren sinbolo unibertsalarekin seinaleztatua. Udalak aldez aurretik etortzea gomendatzen du, sarbidea eta kokapena errazteko.

Kalejira amaitzean, Bilbao Garbiko udal-garbiketako dispositibo bat arduratuko da Kale Nagusiaren ingurunea egokitzeaz eta sortutako hondakin guztiak kentzeaz.