Bilbobusek Man Lion's City 12E modeloko zero emisioko teknologiadunak diren lau autobus berri gehitu dizkio flotari, % 100 elektrikoak direnak. Lau ibilgailu berri horiek 13., 27., 38. eta 48 lineetako zerbitzuak emango dituzte.
Azken belaunaldiko litiozko baterien sei moduluz osatutako biltegiratze-sistema bat dute, 480 kWh-ko edukierakoa, ibilgailuen sabaian kokatuak, autobusen berokuntza eta klimatizazioa elikatzen dutenak, eta frenatze elektrikoa, baterien bizitza luzatzen duena. Unitate berriak hiru ordu baino gutxiagoan kargatzeko gai dira, eta 350 kilometroko autonomia dute, eguneko joan-etorriak kargatzeko beharrik gabe egiteko adina. Autobusak gauez kargatuko dira, kotxetegietan.
Autobusek pisu baxu integral bat dute, 12 metroko luzera eta sartzeko/irteteko hiru ate. Guztira 85 pertsonarentzako edukiera dute: 28 pertsona eserita –lau erreserbatuta daude mugikortasun murriztua duten pertsonentzat–, 55 zutik eta 2 plaza mugikortasun murriztua izateagatik gurpil-aulkian doazenentzat.
Jasangarritasuna eta segurtasuna
Autobus berriak segurtasun-sistema berritzaileak dituztelako nabarmentzen dira; sistema horiek nahitaezkoak dira 2024ko uztailetik aurrerako lehen matrikulazioetarako.
Hauek dira flota berriaren segurtasun-ezaugarri nagusiak:
Aurrez aurreko detekzio bidezko talka- ohartarazpena, bisuala eta akustikoa, sentsoreetan oinarritutako sistema bati esker eta ibilgailuaren aurrean objektuak detektatzeko kamerak, talka-arrisku posibleen deribazio adimendunarekin. Laguntza bira egitean, ohartarazpen bisualarekin eta akustikoarekin, eskuineko alboko horman integratutako sentsoreen bidez; 30 kn/h abiaduratik behera aktibatzen da. Trafiko-seinaleak ezagutzeko sistema bat, kamera batean oinarritua, fusio-algoritmoekin konbinatuta; faroak automatikoki pizteko sistema; gidariaren neke-maila ezagutzeko sistema edo pneumatikoen presioa kontrolatzeko sistema bat, tenperatura adierazita. Honez gain, indarrean dagoen arauaren arabera, autobusek orain alkoholok sistema bat dute, alkohol-kontsumoa detektatuz gero ibilgailua abiarazten uzten ez duena.
Autobus berriak nabarmentzen dira, halaber, hobekuntza hauengatik: esekidura, gidariaren postuan (erosotasuna eta segurtasuna), klimatizazioa, suteen abisu- eta autoitzaltze-sistema, irisgarritasuna, bidaiarientzako erosotasuna, atzera-martxarako kamerak eta optiview sistemak, zeinak atzeraispiluak barik kamerak erabiltzen baitituzte talka-ohartarazpena egiteko.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziaren arabera, «autobus berrien azken belaunaldiko ezaugarriei esker Bilbobus flotarik seguruena, irisgarriena, efizienteena eta jasangarriena izateko bidean gaude. Hiri-mugikortasunarekin dugun konpromisoa indartzen jarraitzen dugu, etengabeko hobekuntzaren eta erabiltzaileen beharretara egokitzearen aldeko apustua eginez, eta, horretarako, Europako autobus-flota berritzaileenetako eta seguruenetako bat dugu».
Autobus berri hauekin, Bilbobusek 141 autobus ditu; horietako 94 hibridoak dira eta 26 elektrikoak. Ondorioz, Europako flotarik moderno, jasangarri eta efizienteetako bat; autobusek, batez beste, 5,14 urte dituzte eta autobusen % 85 berritu egin dira.
Erabiltzaileen errekorra
Bestalde, urteko lehen seihileko honetan, Bilbobusek berriro hautsi du azken 17 urteetako bidaiarien errekorra, 14.690.856 erabiltzaile izan baititu. 2008az geroztik, epe bereko zifrarik onenak lortu dira, eta 100.000 erabiltzailetik gora izan dira jardunaldi askotan. Datu horiek goranzko joera erakusten digute, eta joera horri jarraituz gero, 2025a izan daiteke azken 17 urteetan bidaiari gehien izan dituen urtea.
Nora Abetek esan duenez, errekorreko zifra horiek argi uzten dute «bilbotarrek garraio publikoaren eta Bilbobusen alde egiten jarraitzen dutela hiri barruko joan-etorrietarako, garraiobide jasangarri, eraginkor, fidagarri, seguru eta modernoa den heinean».
Bilbobusek 615 geltoki ditu, eta Bilboko biztanleen ia % 100ek du etxetik 300 metro baino gutxiagora geltoki bat. Geltokirik erabilienak Hurtado de Amezaga 2, Areatzako zubia, Plaza Biribila eta Kale Nagusia dira. Linearik erabiliena, aldiz, L77 linea da, zeinak Peñascal eta Larreagaburu lotzen baititu.
Bestalde, Bilbobusek 22 kalitate-ziurtagiri ditu, zerbitzuaren fidagarritasunaren seinale. Ziurtagiri horiek, batik bat, segurtasunaren, irisgarritasunaren eta ingurumen-kudeaketaren arlokoak dira; izan ere, Bilbobusek kalitate-konpromisoak hartzen ditu zerbitzua ematean, erabiltzaileen espektatibak betetzeko.
Bilbobusen azken urtean bultzatutako berrikuntza nagusien artean, nabarmentzekoak dira Barik garraio-txartelaren % 40ko deskontua eta 15 urtetik beherakoentzako garraioaren doakotasuna, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak bultzatutako laguntzei esker lortutakoa.