Astelehen honetatik igandera bitartean, hau da, ekainaren 16tik 22ra, Bilboko Udaltzaingoak gidatzean alkohola, drogak eta farmakoak kontsumitzeak dituen arriskuei buruz kontzientziatzeko kanpaina espezifikoa egingo du, Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan antolatutakoa.

Hala, bada, kontrola eta zainketa areagotu egingo dira, urian ibilgailu gehien ibiltzen den bideetan. Egunero hiru kontrol egingo dira uriko toki desberdinetan, gidatzean arrisku handia eragiten duen jokabide hori eragozteko.

Errepidean heriotza eragiten duten istripuetan, hirutik batean, alkohola eta drogak izaten dira eragile, edo tartean izaten dira. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat izateko arriskua (hartutako kantitatearen arabera).

Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.

Prebentzio-kontrolak

2024an, Bilboko Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren alorreko 157 prebentzio-kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.

Kontrol horietan, 1.993 proba egin ziren guztira (1.778 alkohola detektatzeko eta 215 drogak detektatzeko). Emaitza: 45 positibo alkohol-probetan (horietako 34k ondorio administratiboak dituzte eta 11k ondorio penalak) eta 14 positibo droga-probetan (ondorio administratiboak dituzte denek).