Síguenos en redes sociales:

Bakezko Hiri eta Lurraldeen Munduko V. Foroan hartuko du parte Aburtok

Alkateak 'Bizikidetzaren eta bakearen parte-hartze bidezko kudeaketarako baliabideak' konferentzian hartuko du parte

Bakezko Hiri eta Lurraldeen Munduko V. Foroan hartuko du parte AburtokB. U.

Datorren ostiral eta larunbatean, hau da, maiatzaren 2an eta 3an, Uruguaiko Montevideo hiriburuan egingo den Bakezki Hiri eta Lurraldeen Munduko Foroaren bosgarren edizioan hartuko du parte Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, konkretuki 'Bizikidetzaren eta bakearen parte-hartze bidezko kudeaketarako baliabideak' hitzaldian.

Bestalde, Iñigo Zubizarreta Bilboko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuneko zinegotziak barikuko (maiatzak 2) panelean hartuko du parte, "Migrazioa, diaspora eta indarkeria" jorratuko duena.

Topaketa hau Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen nazioarteko sarearen barruan dago eta mundu osoko erakundeetako liderrak, adituak eta gizarte-erakundeetako eta herritarren elkarteetako ordezkariak bilduko ditu, hiri-ingurune inklusiboagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak eraikitzeari buruz hausnartzeko eta berba egiteko.

Foroa desparekotasuna, klima-aldaketa eta hiri-indarkeria moduko desafio globalen testuinguruan kokatzen da, eta giza eskubideen, genero-berdintasunaren eta garapen jasangarriaren printzipioetan oinarritutako irtenbide berritzaileak sustatzea du helburu.

Bilboko udal-ordezkaritzak, nazioarteko esparru horretan, harremanak areagotuko ditu eta hainbat toki-erakundek bultzatzen dituzten beste errealitate eta jarduera batzuk ezagutu ahal izango ditu.

Barikuan, hilak 2, Bilboko alkatea bere homologoarekin, Maurizio Zunino Montevideoko intendentearekin bilduko da, hiri bientzat interes komunekoak diren gaiak aztertzeko.

Alkatearen parte-hartzea

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zapatuan, maiatzak 3, hartuko du parte Foroan, "Bizikidetzaren eta bakearen parte-hartze bidezko kudeaketarako baliabideak" izeneko hitzaldian.

Hitzaldiak bakea eraikitzeko eta bizikidetza sustatzeko parte-hartze bidezko gobernantzarako baliabideak izango ditu ardatz. Baliabideen mobilizazioaren alderdiak aztertuko ditu, tokiko aurrekontuak, finantzaketa-mekanismoak, teknologiak hiri-indarkeriaren kudeaketan daukan funtzioa, komunikazio-estrategiak eta nazioarteko lankidetza barne.

Zehazki, Juan Mari Aburto alkateak Bilboko Herritarren Partaidetzako ekimenak, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea eta herritarrek adiskidetze-prozesuetan eta memoriaren babesean eskatzen dutenaren ikuspegia azalduko ditu. Halaber, Bilbao Balioen Hiria proiektua ezagutzera emango du.

Panela beste hizlari batzuekin partekatuko du, hala nola Silvana Pissano, B udalerriko alkatea, Montevideo; Valeria Di Fiori, Munduko Bankuaren ordezkaria Uruguain; Gilson Chagas, Niteroiko (Brasil) Ordena Publikoko eta Segurtasuneko idazkaria; Antonio Jimenez, Mexiko Hiriko Bake eta Berdintasunezko Lurraldeetako idazkariordea; eta Jhonatan Gamboa, Kolonbiako Lankidetza Agentziaren Kabineteko burua. Moderatzailea Jordi Pascual izango da, Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen elkarteko idazkari nagusiaren ondokoa.

Migrazioa, diaspora eta indarkeria

Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saileko zinegotziak tokiko eta eskualdeko gobernuen erantzunei buruzko "Migrazioa, diaspora eta indarkeria" mahai-inguruan parte hartuko du maiatzaren 2an, barikuan.

Zubizarretak Bilboko puntako ekimen batzuk azalduko ditu, hala nola Harreraguneren bidez ematen den harrera: migratzaileei (Europakoak nahiz Europatik kanpokoak) informazioa eta orientazioa emateko zerbitzu publikoa, Eusko Jaurlaritzarekin batera sustatua. Honako hauek ere nabarmenduko ditu: migratzaileak Udaleko Immigrazio Kontseiluan parte har dezaten sustatzea; Zurrumurruen Aurkako Programa (immigrazioari eta kultura-aniztasunari buruz dabiltzan estereotipo negatiboak, topikoak eta zurrumurru faltsuak indargabetzeko); auzoetan kultura arteko esku-hartze komunitariorako programak; eta Bilboko Erlijioen Mahaia.

Foroaren bosgarren edizioa

Foro hau Madrilen hasi zen, 2017an eta 2018an, eta bertan egin ziren lehen bi edizioak.

Bilbok 2017an ere parte hartu zuen. Urte hartan, Juan Mari Aburto alkateak "Bakerako hezkuntza eta balioak" gaiari buruzko osoko bilkuran parte hartu zuen, Manuela Carmena alkate ohiarekin eta Rigoberta Menchú aktibistarekin batera.

Ondoren, 2021ean Foroa Mexiko Hirian egin zen, eta 2023an Bogotan.