Zabalik dago Miribilla-San Adriango Gaztegune berria
Udala lanean ari da Haurgunea egiteko obretan, 2025eko parte-hartze bidezko aurrekontuetan hartutako udal konpromisoa betetzeko, hau da, auzo bi horietan Haurgunea eta Gaztegunea jartzea
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziarekin batera, Miribilla-San Adriango Gaztegune berria bisitatu du. Udal-ekipamendu berriak 160 metro koadroko azalera dauka eta inguruko gazteek aisialdi osasungarria, ingurune segurua eta garapen pertsonal, sozial eta hezigarrirako aukerak izateko diseinatuta dago. Miribilla-San Adriango Gaztegunea udal-sareko hamargarrena da eta ateak ireki ditu zenbait hilabetetan obrak egin ondoren. Obra horien bidez, 10 eta 16 urte bitarteko gazteen beharretara egokitu da.
Gaztegunean Maker gune bat dago, Do it yourself filosofian oinarritutako espazioa (erabiltzaileek esperimentatzeko sarbide libreko gunea), eta Bilbao Gazte STEAM Estrategiarekin lotutako ekipo eta jarduerez ere gozatu ahal izango dute. Jarduera horiek bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituzte gazteen artean eta besteak beste Green Power, robotika eta LEGO programazioa, 3D inprimaketa eta antzekoak egin ahal izango dira. Era berean, espazio diafano handi bat dauka ikasteko edo taldeko lanak egiteko mahaiekin, Gaztegunean programatutako jarduerak egiteko eta jarduera dinamikoetarako gunea, hala nola dantza egiteko edo erlaxatzeko gunea.
Horrela, udal-ekipamendu berriaren helburua da aisialdi osasungarriko gunea izatea, inguruko gazteentzat erakargarria eta dinamikoa izango dena. Komunikazio-hizkuntza euskara izango da, ekipamendu berriaren diseinuan parte hartu duten familien eta gazteen eskaerari erantzuteko.
INAUGURAZIOKO ASTEBURU BEREZIA
Gazteguneak programazio berezia izango du gaur eta bihar, apirilak 11 eta 12, inaugurazioko asteburuan. Lau txoko izango dira Gazteguneak eskainiko dituen beste jarduera batzuekin esperimentatzeko: podcasta, robotika, moda birziklatua eta 3D inprimaketa. Gainera, bertara doazen pertsonak ere parte-hartze bidezko horma-irudian aritu ahal izango dira edo DJ izateko tailer batez gozatu ahal izango dute.
Aste Santuan ere programazioa eskainiko du. Aste Santuko jarduera edo tailerren artean hauek nabarmentzen dira: zeramika polimerikoa, STEAM (robot artista), pirografia, RUBIK, akuarela edo dantza. Gainera, interesa daukaten pertsonak espazioaz gozatzera eta adin bereko gazteen artean sozializatzera ere joan ahal izango dira.
Hau da Gaztegunearen ordutegia: astelehenetik eguenera 17:00etatik 20:00etara, eta barikuetan eta zapatuetan 17:00etatik 21:00etara. Hala ere, ordutegi hori aurrerago aldatu daiteke eta funtzionamendua inguruko ikastetxeen ordutegira eta adingabeen beharretara egokitu daiteke. Gaztegunearen programazioa ere egokitzen joango da, erabiltzaileen proposamenen arabera.
PARTE-HARTZE BIDEZKO PROZESUA IKASTETXEEKIN, FAMILIEKIN ETA AUZOKIDEEKIN
Ireki aurretik, Bilboko Udalak gogoeta egiteko eta parte hartzeko aldi bat jarri zuen abian eta, horren bidez, inguruko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako (Miribilla, Iruarteta, Urretxindorra, San Adrian eta Pagasarribide) 200 ikasle baino gehiagoren iritziak, ikuspuntuak eta proposamenak jaso ditu, bai eta 50 familia baino gehiagorenak ere, ikastetxeetako gurasoen elkarteekin eta auzo-elkarteetako ordezkariekin egindako saioetan (Miribilla Bizirik eta San Adrian). 350 pertsona inguruk parte hartu dute otsailetik martxora bitartean egin den prozesuan. Prozesu horri esker, erabiltzaileen eta familien lehentasunak identifikatu dira, irekitzeko ordutegia adostu da eta Gaztegunean programatzeko jarduerak aurreratu dira. Jarduera horiek osatzen joango dira erabiltzaile gazteek beren lehentasunak eta zaletasunak partekatzen dituzten heinean.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurreratu duenez, "Udala lanean ari da hilabete batzuetan Haurgunea irekitzeko. Gaztegunearen ondoko espazio batean egongo da, eta 3 eta 11 urte bitarteko umeentzat izango da. Obra horrekin Udalak 2025eko parte-hartze bidezko aurrekontuetan hartutako konpromisoa gauzatuko da, hau da, Miribilla eta San Adrian auzoetan Haurgunea eta Gaztegunea jartzea".