Bilboko Udalak lau milioi euroko aurrekontua bideratuko du Pabellon 6 eraikina eraitsi eta berreraikitzeko, ezinezkoa baita zaharberritzea eta aprobetxatzea. Udalak antzerkiari eta dantzari lotutako eraikin moderno eta iraunkorra bihurtu nahi du espazio hori.

Izan ere, pabiloi mugakidearekin –Garabiarekin– gertatu zen bezala, egungo higiezinaren egiturazko egoerak ezinezko egiten du hura zaharberritzea eta aprobetxatzea. Beraz, udal-planak eraikina berriro eraikitzea eskatzen du.

Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu dituzte, gaur goizean, etorkizuneko udal-azpiegitura honen inguruko xehetasunak. Haiekin batera, Ramón Barea aktore, zuzendari eta Pabellon 6-en sustatzaileak prentsaurrekoan parte hartu du.

Korporazioko kideek azaldu dutenez, "Garabiaren eraikuntza-lanak erritmo onean doaz. Garabia eta Pabellon 6 Zorrotzaurren eta Zorrotzaurretik arte eszenikoen erreferente bilakatuko den udal-kultur gune baten parte dira". 

Bi eraikinak bi nabe paralelok osatutako industria-pabiloi zahar baten parte ziren. Instalazio horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, "trakzio-elementu eta kultura-motor gisa finkatzeko behar dituen eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiekin egokitzen ari da".

Ekipamendu horiek uhartearen hegoaldean daude, Deustuibarraren eta Eugenio Olabarrieta plazaren artean.

Udalaren titulartasunekoak dira biak, eta udalak mantendu behar ditu. Hala ere, "Pabellón 6" Arte Eszenikoen Sortzaile Elkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira haien kudeaketaz, eta hala izaten jarraituko du.

Udalaren aurreikuspenen arabera, Garabia eta Pabellón 6 eraikinen obrak ondoz ondoko bi fasetan egiten ari dira, hartara, birgaitze-lanak egiten diren bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduera eteteko beharrik egon ez dadin.

Lehen faseko obrak, hau da, Garabiaren –Pabellon 6en konpainia gaztearen agertokiaren– eraberritze integralekoak, 2024ko azaroan hasi ziren, eta uda honen amaieran bukatzea aurreikusten da.   Garabia berria martxan eta ekipatuta dagoenean, Pabellon 6en lanen txanda iritsiko da, une horretarako lizitazio-izapide betean egongo dena.

Zehazki, Pabellon 6-en proiektua laster onartuko da Gobernu Batzarrean. Lizitazioa 4.153.305,04 eurokoa izango da. Obra adjudikatu ondoren, lanek hamabi hilabete irautea aurreikusten da.

Proiektu berria

Proiektuak Pabellon 6 eraikina eraistea eta berreraikitzea proposatzen du, jatorrizko bolumetriara egokituta. Gainera, lehendik dagoenari bolumen berri bat gehituko zaio ekialdean, bolumen nagusiaren osagarri gisa.

Horrela, etorkizuneko Pabellon 6ek "ele" forma izango du. Guztira, 1.288,62 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta bi solairu izango ditu (solairuarte batekin).

Antzokiko gela nagusiak –sarrera nagusia, atartea, txarteldegia, areto eszenikoa eta eszenatokia– jatorrizko eta egungo Pabellon 6 eraikina bolumetrikoki kopiatzen duen atalean kokatuko dira. Antzoki horrek 228 eserlekurentzako tokia izango du (beheko solairuaren eta solairuartearen artean banatuta).

Beheko solairuko harmailak barneragarriak izango dira eta agertokia lurzoru nagusia baino 30 cm gorago egongo da.

Bolumen horren lehen solairuan kontrol-gela bat egongo da.

Erantsitako bolumen berrian bigarren sarrera egongo da, antzezleek eta antzokiko langileek erabiliko dutena. Atal horren beheko solairuan biltegiak, eszenografietarako tailerra, bi kamerino, komunak eta garbiketa-gela egongo dira, bai eta lehen solairuarekin komunikatzen diren karga-jasogailu bat eta eskailera bat ere. Lehenengo solairuan entsegu-gela, jantzi-tailer bat, office bat eta bulego administratibo bat egongo dira.

Eraikinaren sarbide nagusia jatorrian zegoen leku berean egongo da. Hala, plaza txiki bat sortuko da, etorkizuneko Garabia eta Pabellon 6 espazioen inguruan.

Metalezko egitura duen eraikuntza-multzo bat diseinatu da, zepatuen eta mikropiloteen gainean bermatutako altzairuzko portikoen bidez. Bestalde, fatxada, bai eraikin nagusiarena, bai erantsitako bolumenarena, aluminiozko panel grekatuz estalita proiektatu da. Zokaloak motibo geometriko bera errepikatuko du, eta, beraz, estetikoki oso antzekoa izango da, baina hormigoi prefabrikatuzko panel batekin kanpoko akabera gisa.

Bolumen nagusiaren estalkiak sandwich panel bat edukiko du, aluminiozko akaberakoa eta 15 zentimetroko lodierakoa. Eranskinerako, berriz, legarrezko estalki bat planteatzen da, ez-ibilgarria (mantentze-lanetarako soilik).

Proiektatutako eraikina segurtasun- eta kalitate-estandar gorenei jarraiki diseinatu da, eta haren espazioak erabilera-aukerak, argiztapen naturala eta aireztapena ahalik eta hoberen aprobetxatzeko antolatu dira. Gainera, etorkizunean, epe labur edo ertainean, eraikina Zorrotzaurreko geotermia-sarera konektatzeko aukera aurreikusten da