Síguenos en redes sociales:

Zabalik Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea

Laguntzak eskuratzeko, onuradunen urteko diru-sarrerak, gehienez ere, Bermatutako Gehieneko Errenta (BGE) 1,5 aldiz izango dira

Zabalik Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epeaB. U.

Beste urte batez, Bilboko Udalak martxan jarri ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). Astelehen honetatik aurrera, martxoak 31, irekiko da laguntza horiek eskatzeko epea.

Laguntza horiek, besteak beste, alokairurako eta etxebizitzan sortutako gastuetarako, oinarrizko osasun-beharretarako (optika, odontologia, psikologia, logopeda, arreta goiztiarra, farmazia...) eta elikadura-beharretarako dira.

Dirulaguntzak online izapidetu ditzakete erabiltzaileek, Udalaren web-orriaren bidez, eta horretarako ez da sinadura elektronikorik edo erabiltzaile eta pasahitzik behar. Horrela, arreta gardena eta eraginkorra bermatzen da, erraza, berehalakoa eta ordutegi aldetik malgua, joan-etorriak saihestuz.

Udalak, kolektibo batzuek jasaten duten arrakala digitala saihesteko, telefonoz ere eskainiko du arreta (94 420 59 66), eta, beste izapidetze-kanalik ezean, aurrez aurre ere bai zailtasun teknologikoren bat dutenentzat (hitzordua behar da aldez aurretik).

Modu berean, 68 urtetik gorako pertsonei Gizarte Ekintzako Sailetik dei egin zaie, prestazioak errazago eskuratzeko eta euren beharren araberako arreta pertsonalizatua bermatzeko. 

Udalak, gainera, helbide elektroniko bat prestatu du zalantzetarako edo kontsultetarako: aes.web@bilbao.eus.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek urte osoan zehar eskaintzen dute arreta, ohikotasunez eta modu jarraituan, eta gizarte laguntza behar duten prozesuekin zerikusia duten eskabide guztiei erantzuten diete, kasu larriak izanik dirulaguntza hauek eskuratzeko gai direnei.

Eusko Jaurlaritzaren irizpideak

Eusko Jaurlaritzak zehaztutako irizpideek baldintzatzen dute udal laguntza hauek ematea edo ez:

  • Alokairua (etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), elkarrekiko alokairua, azpialokairua, ostatatzea, pentsioa edo apopilotza, baldin eta eskatzailea babes ofizialeko etxebizitza batean bizi ez bada.
  • Ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren mantentze-gastuak (ura, zaborrak, estolderia, erkidegoa, OHZ eta etxebizitzaren asegurua). 
  • Etxebizitza berrian instalatzearekin lotutako aparteko gastuak: fidantza, horniduren alta eta etxebizitza egokitzea.
  • Altzariak eta etxeko tresna elektrikoak erosteko gastuak (galdara, berokuntza, ur-berogailua, bitrozeramika, arropa-garbigailua, hozkailua, mikrouhin-labea, labea, argi-kontagailua, argiaren ikuskapena, ...). 
  • Etxebizitzako bizigarritasunerako eta oinarrizko instalazioetarako gastuak (elektrizitate eta iturgintzako konponketak, sukaldeen konponketak, leihoak, bainuontziaren ordez dutxa jartzea, zorua konpontzea, sarrerako atea aldatzea, margo-lanak, ohea, koltxoia, armairua eta sofa, ...).
  • Aurreko kasu horietan aldez aurretik zorpetzea dakarten gastuak, nahiz eta muga batzuekin, zenbatekoei dagokienez. 
  • Osasun zerbitzu publikoak betetzen ez dituen lehen mailako beharrizanetarako gastuak (optika, odontologia, psikologia, logopeda, arreta goiztiarra, audifonoa, haurtxoen beharrizanak, farmazia, arropa, garraioa eta antzekoak).
  • Energia-gastuak (hornidura elektrikoa eta gasa).
  • Behar-beharrezko elikagaiak eta higiene pertsonaleko produktuak erosteko gastuak.
  • Hipoteka, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-kredituak amortizatzeko eta interesak ordaintzeko.

Laguntza horien kontzeptuan, onuradunek gehienez 3.600 euro jaso ditzakete espediente bakoitzeko, Bilboko Udalak zehaztu duenez. Kopuru hori salbuespenezko egoeretan gainditu ahal izango da, baldin eta txostenen bidez horretarako beharra dagoela justifikatzen bada.

Dirulaguntzak eskuratzeko betekizunak

Hartzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte eskaera egiteko unean:

  • Bizikidetza-unitate independientea izatea eskaera egin baino urtebete lehenagotik, salbuespenak salbuespen.
  • Bilboko Udalean egon behar dute erroldatuta eta han zan behar dute bizileku egiazkoa, eta, gutxienez, 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenak salbuespen.
  • Baliabide ekonomiko nahikorik ez edukitzea (ez daukate baliabide ekonomiko nahikorik baldin eta bizikidetza-unitatearen diru-sarrera garbiak, gehienez ere, Bermatutako Gehieneko Errentaren (BGE) % 150 direnean)
  • Bizikidetza-unitateari legokiokeen BGEa baino lau bider handiagoa den ondarerik ez edukitzea.
  • Aurreko urteetan emandako GLLak justifikatuta edukitzea.
  • Eskatutako laguntza ez izatea bateraezina beste diru-sarrera edo laguntza batzuekin, irizpide hauen eta dagokion diru-sarrerari aplika dakiokeen gainerako araudiaren arabera. 
  • Eskatzailearen etxebizitzan, GLL laguntzak jasotzen dituzten bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez egotea.
  • Alokairu-kontratua izatea indarrean eta araudiarekin bat.
  • Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda egotea, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuetarako erabiltzen diren kasuetan.
  • Ez izatea etxebizitzarako prestazio osagarriaren onuradun, salbu eta oinarrizko beharrizanetarako gizarte larrialdietarako laguntzak eskatu behar diren kasuan.
  • Urtean zehar beste GLLrik jaso ez izana.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratzeko, onuradunen urteko diru-sarrerak, gehienez ere, Bermatutako Gehieneko Errenta (BGE) 1,5 aldiz izango dira: bizikidetza-unitate orokorra pertsona bakarrak osatzen badu, 15.358,95 euro; pentsioduna bada, 19.454.67 euro; bi heldu badira, 20.478.60 euro; eta pentsiodunak badira, 24.574,32 euro; heldu bat eta adingabe bat badira, 18.430,74 euro; guraso bakarreko familia bada, 20.990,57 euro; eta bi heldu eta bi adingabe badira, 26.622,18 euro.

Laguntzen kontrola

Laguntza hauen erabilera kontrolatzeko, Bilboko Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gastu-justifikazioa kontrolatzeko mekanismo bat aplikatzen du; ezarritakoa betetzen ez bada, justifikatu gabeko aurreko urteetako laguntza erreklamatzen du aldian-aldian.

2024ko balantzea

2024an Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro baino gehiago eman zizkion Udalari, uriko pertsona kalteberen artean banatzeko, GLL gisa.

Laguntza horien esparruan, 7.452 eskaerari erantzun zitzaien, arreta-modalitate desberdinen bidez izapidetutakoak, eta, azkenik, 5.514 laguntza eman zitzaizkien familia-unitateei (familia horiek, guztira 8.997 kide zituzten); eta laguntza bakoitzaren batez besteko esleipena 1.367,39 eurokoa izan zen.     

Prestazioak kontzeptuen arabera banatzeari dagokionez, azken urteotako bilakaera eta premien araberako gastuek berdintsu jarraitzen dute. GLLak jaso zituzten pertsona gehienek etxebizitza-gastuetarako eta oinarrizko premia pertsonaletarako (dentista, oftalmologia...) erabili zituzten ekarpen horiek.