Síguenos en redes sociales:

'Domeketan bizikletaz' ekimena aurkeztu du Bilbok

Lehenbiziko hitzordua apirilaren 6an izango da, igandea, Uribarriko barrutian (Funikularreko plazan)

'Domeketan bizikletaz' ekimena aurkeztu du BilbokB. U.

Apirilaren 6an hasiera emango zaio Uribarriko barrutian dagoen Funikular plazan 'Domeketan bizikletaz' ekimenari. Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak sustatutako #BiziBilbaoBizikletaz planaren barruan antolatutako ekimen honek herritar guztiei zuzendutako jarduerak batuko ditu, jolas- eta aisia-izaerakoak, bizikleta protagonista izanik.

Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak esan duenez, ekimen honen helburua da "bilbotar guztiak inplikatzea garraiobide jasangarri eta osasungarri horren eguneroko erabileran eta gozamenean".

Ikasteko, gozatzeko eta pedalei eragiteko ekitaldia

Ekitaldia 10:00etatik 14:00etara izango da, festa eta didaktika uztartuz. Edozein adin eta bizikletarekin edozein esperientzia maila duten pertsonentzat diseinatutako hainbat jarduera eskainiko ditu:

  • Bide-segurtasuneko tailerra: Prestakuntza-saio bat, ikasgela pedagogikoarekin eta hiri-ibilbide praktikoarekin, hiri-inguruneetan segurtasunez zirkulatzen ikasteko.
  • Kukaña Bizikletaz txapelketa: Bi gurpilen gaineko trebetasun-erronka, kukañaren joko tradizionalean oinarritua.
  • Gurpil zulatuak konpontzeko tailerra: Bizikletaren matxura ohikoenetako bat konpontzen ikasteko espazio praktiko bat.
  • Txirrindularitza profesionaleko simulagailuak: Euskadi Fundazioarekin izandako lankidetzari esker, parte hartzen duten pertsonek txirrindulari-lasterketen bi simulagailu probatu ahal izango dituzte.
  • Haurren gunea eta sormen-jarduerak: Eskulanen eta pinturaren tailerra, haurrek ere une lasaiagoak izan ditzaten.
  • Bigarren eskuko bizikleten azoka: erakusketa- eta proba-espazio bat, interesa duten guztiek bizikletak salerosi ahal izateko.

Interesdunek Bilbao Bizikletaz webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez eman dezakete izena.

Domeketan bizikletaz

'Domeketan bizikletaz' Bilboko zortzi barrutietan egingo dira bi urtez, eta urtean lau edizio egingo dira. Lehenbiziko hitzordua Uribarrin izango da. Gero, ekimenak Ibaiondon, Abandon eta Begoñan jarraituko du aurten. Barruti bakoitzerako ekitaldi pertsonalizatu bat diseinatuko da. 2026an, Deustu, Errekalde, Basurtu/Zorrotza eta Otxarkoaga/Txurdinaga barrutietara zabalduko da.

#BiziBilbaoBizikletaz planaren barruan sartzen diren gisa honetako jarduerekin, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak mugikortasun aktiboarekin, jasangarritasunarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoa indartzen du, herritarrei hiria bi gurpilen gainean berraurkitzeko espazio bat eskainiz. Era berean, "jardunaldi hauek beste aukera bat izan eskaini dute bizikletaren erabilerak behin betiko jauzia eman dezan gure hirian, aisialdiko elementu izatetik ohiko garraiobide izatera igaroz", azaldu du Nora Abetek.

'Domeketan bizikletaz' eta #BiziBilbaoBizikletaz ekimeneko beste jarduera batzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.bizibilbaobizikletaz.eus webgune ofiziala bisitatu daiteke, edo ekimena sare sozialetan jarraitu, #BiziBilbaoBizikletaz hashtagarekin.