Bilboko Udaltzaingoaren hogeita hirugarren promozioa osatzen duten 58 agenteei (22 emakume eta 36 gizon) harrera egin die ostegun honetan goizean Juan Mari Aburto alkateak, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziarekin batera. Ekitaldia udaletxeko Arabiar aretoan ospatu da.
Alkateak hitz batzuk esan dizkie. “Zuek zarete Bilboko herritarrengandik hurbil izango den Udaltzaingoa, Bilborentzat nahi dugun polizia hori, kale-kalean izango dena eta herritarrengandik guztiz gertu, elkarrizketaren alde, prebentzioaren alde, eta gatazkak konpontzeko prebentzioaren eta bitartekaritzaren alde egiten duena”. “Bilboren segurtasuna zuen esku ere dago orain. Eginkizun delikatu bezain garrantzitsua da. Baina konfiantza osoa dugu zuen kemenean, dedikazioan eta hurbiltasunean”, adierazi die Aburtok.
EUDELek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak udaltzaingoetako agenteentzat egindako azken deialdi bateratutik datoz agente hauek.
58 agente berrietatik, 54k oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroa bukatu berri dute Arkautin. Gainerako 4ek ez dute egin behar izan, baliozkotuta daukatelako (hau da, aurretik gainditu zuten, Euskadiko udaltzaingoren batean edo Ertzaintzan sartzeko), eta zuzenean sartu dira zerbitzuan.
Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak ere hitz batzuk eskaini dizkie plantillako kide berriei, eta eskatu die "egunero ahalegintzeko, ilusioa ez galtzeko, eta Bilborekin eta herritarrekin hartu duten konpromisoa ez ahazteko".
Udaltzain berrien batez beteko adina 30,72 urte da; zaharrenak 48 urte dauzka, eta gazteenak 24.
Azken promozioak
2002az geroztik, aurtengoak kontuan izanik, Bilboko Udaltzaingoan hamalau promozio berri sartu dira. Guztira 600 lagun baino gehiago sartu dira karrerako funtzionario moduan, plantilla gaztetuz.
- X. promozioa, 2002. urtean, 42 plaza.
- XI. promozioa, 2002. urtean, 36 plaza.
- XII. promozioa, 2005. urtean, 42 plaza.
- XIII. promozioa, 2007. urtean, 42 plaza.
- XIV. promozioa, 2008. urtean, 45 plaza.
- XV. promozioa, 2010-2011 urteetan, 34 plaza.
- XVI. promozioa, 2014-2016 urteetan, 28 plaza.
- XVII. promozioa, 2016-2018 urteetan, 55 plaza.
- XVIII. promozioa, 2017-2018 urteetan, 25 plaza.
- XIX. promozioa, 2018-2019 urteetan, 104 plaza.
- XX. promozioa, 2021. urtean, 67 plaza.
- XXI. promozioa, 2022. urtean, 57 plaza.
- XXII. promozioa, 2023. urtean, 59 plaza.
- XXIII. promozioa, 2025. urtean, 58 plaza.
2018ko uztailean lehenengo diploma-banaketa egin zitzaien oinarrizko eskalako agenteei, enplegu-eskaintza bateratu baten ondorioz.
Deialdi bateratua EAEko udalerrien arteko adostasunaren ondorioz egin zen, udalei hautaketa-prozesuak egiten laguntzeko tresna gisa. Era horretan, sinplifikatu egin da prozesuen kudeaketa eta arinago jartzen da abian, deialdia egin duen entitatearentzako kostuak ere gutxiago izaten direlarik.