Joan den ostiralean, otsailaren 14an, arratsaldeko 19:20ak aldera, Bilboko Udaltzaingoak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen San Frantzisko kalean, droga-trafikoko ustezko delitu bat egotzita.
Gertakariak eremu horretan egindako prebentzio-zaintzako dispositiboaren barruan kokatzen dira. Testuinguru horretan, Errefortzu Taktikoaren Ikuskaritzako unitate bat oinez patruilatzen ari zen kalean, polizia-txakur batekin, eta substantzia estupefazienteen salmentarekin daukan loturagatik ezaguna den pertsona bat ikusi zuten.
Agenteak eta txakurra haren ondotik igaro ziren eta txakurra, substantzia estupefazienteak detektatzen eta bilatzen trebatuta, "aktibatu" egin zen eta gizon hori markatu zuen horietako substantzia baten eramaile posible gisa.
Polizia-txakurraren markaketa horri esker, agenteek pertsona hori identifikatu zuten eta gorputza zein aldean zeraman motxila miatu zioten. Erregistro horretan hauek aurkitu zituzten agenteek:
- Kutxa metaliko txiki batean 20 paper-bilgarri, kolore zuriko hauts-substantzia batekin.
- Bola formako poltsa handiago bat, kolore zuriko hauts-substantzia batekin.
- Substantzia marroi prentsatuaren zati bat, ustez haxixa.
- Pistola simulatu bat.
- Laban bi eta puntzoi bat.
- Doitasunezko baskula txiki bat.
- 155 euro, billetetan banatuta.
Osasun publikoaren aurkako delitu batean ustez parte hartu izanaren zantzu horiekin, agenteek atxilotu egin zuten eta polizia-etxera eraman zuten.
Miribillako komisarian, erreaktiboak aplikatu ondoren, zehaztu zen kolore zuriko hauts-substantzia anfetamina eta metanfetamina izan zitekeela, "speed" izenez ezagutzen dena, eta 120 gramo inguruko pisua zuena.