Bilboko Udalak 628.743,65 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Masustegui-Mintegitxueta auzoaren goialdean kokatutako Lezeaga aldean irisgarritasuna hobetuko duen igogailu publiko berri bat eraikitzeko, uriko laurogeita batgarrena izango dena.

Gobernu Batzarrak, asteazken goizeko bilkuran, jasogailua eraikitzeko proiektua eta hura gauzatu ahal izateko aurrekontu-partida onartu zituen. Behin hura esleituta eta obrak hasita, lanek sei hilabeteko exekuzio-epea izango dute.

Igogailu berriak oztopo arkitektoniko bat kenduko du, eta ibilbide irisgarri bat erraztuko du Auntzetxeta kalearen eta A8 errepidea zeharkatzen duen oinezkoentzako pasabidearen artean. Masustegui eta Basurtu lotzen ditu pasabide horrek.  Horrela, auzoko barne-mugikortasuna hobetuko da eta konexio hobea izango da  barrutiko gainerako lekuekin. Interes orokorreko jarduera da, eta jarduketaren tokitik hurbilen dauden atarietako bizilagunei ez ezik, gainerakoei ere mesede egiten die.

Igogailu berriak geraleku bi izango ditu eta 9,34 metroko desnibela gaindituko du. Goikoa Auntzetxeta kaleko 22 zenbakiko atariaren aurrean egongo da; behekoa, berriz, autobidearen gaineko pasabidearekin lotuko da. Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa  lotzeko 8 metro luze izango den metalezko pasabidea jarriko da.

Egituraren aldetik, nukleo bertikala eta egitura metalikoa izango ditu, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako lekua izango du eta bideoz zainduta egongo da eguneko 24 orduetan.  

Argiztapena hobetuko da, eta igogailu berriaren sarrera-irteeretan argiak jarriko dira; zuntz optikoaren udal kanalizazio berriak eta euri-uren irteera berri bat egingo dira. Ur-hornidurari dagokionez, igogailuko pasabideak sareari eragingo dio, eta, beraz, desbideratu egingo da.

Azkenik, kaltetutako berdeguneak berregokituko dira, paperontziak jarriko dira eta zoladura berria ipiniko da jarduketa-eremu osoan, "Bilbao" motako baldosekin eta ukipen-baldosarekin (norabidea markatzen dutenak) igogailuaren sarreran. 

Mugikortasun bertikala

Bilbon, une honetan, 72 igogailu publiko daude martxan.

Kopuru horri handiagoa izango da datorren urtean, egun gauzatzen ari diren sei igogailuak gehitu behar zaizkio-eta. Hauek:   

  • igogailu inklinatua Masustegui auzoan, 4.492.331,68 euro;
  • bi igogailu Zurbaranbarri auzoan, 1.679.472,56 euro;
  • igogailu bat Urretxindorra ikastolaren ondoan, Miribilla eta San Adrian artean, 1.080.237,79 euro;
  • igogailu bat Moncada kalean (Errekalde), 706.140 euro;
  • eta azkena, Harrobia plazaren eta Kontzezio kalearen artean, San Frantzisko auzoan, 3.089.962,83 euro.

Halaber, datozen asteetan, Fika eta Iturribide (Santutxu) kaleen arteko proiektua gauzatzen hasiko dira, eta beste proiektu bat ere badago, lizitazio-fasean, Lezeagako honetaz gain: Boluetan, San Joakim auzoan.  

Guztira, 14 milioi inguru inbertituko dira irisgarritasu, abian dauden proiektu guztietan.