Ostiral honetan goizean ospatu da La Perreran 'Bilbao Gazte Take Action' programaren barruan antolatutako jardunaldi berri bat. Bertan hartu du parte Bilboko alkate Juan Mari Aburtok.
Jardunaldian ikastetxe bakoitzeko ordezkaritza batek parte hartu du –14 eta 18 urte bitarteko 70 ikasle inguru, irakasleek lagunduta–, eta Bilbon landu beharreko etorkizuneko erronkak identifikatzen saiatu dira. Saioa amaitzeko, alkateak bisita egin eta sariak banatu dizkie ikastetxeei, proiektuan parte hartzea eskertzeko.
Ekitaldian Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak ere parte hartu. Gazteekin berriketan aritu dira biak, haiei entzuteko eta lan-mahaietan eztabaidatutakoa aintzat hartzeko. Lan-mahaiak zenbait gairi buruzkoak izan dira: jasangarritasuna eta ingurumena (mugikortasuna, garraioa, ekologia, kontsumo arduratsua); dibertsitatea eta berdintasuna (giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna); osasuna eta kirola (ongizatea, zahartze aktiboa, osasun mentala, (berr)hezkuntza, elikadura); kultura eta euskara (identitatea, aisialdia, musika, artea) parte-hartzea eta elkartasuna (konpromisoa, bizikidetza, konfiantza, ilusioa); eta Smart City (berrikuntza, ekintzailetza, gizarte digitala, adimen artifiziala, IOT...). Beste mahai batean, irakasleek ere talde-dinamika bat egin dute.
Metodologia
Modu berean, Bilboren Balioen Agiria eta Nazio Batuen 2030 Agenda eskolaren testuinguruan sustatzeko tresna izateaz gain, Bilboko Udalaren ustez, 'Bilbao Gazte Take Action'ek gazteen parte-hartzea bultzatzen du eta egungo gizarteak dituen gizarte- eta ingurumen-erronkez jabetzea ahalbidetzen die.
Ekimen honen metodologiaren oinarria joko esperimental, sortzailea eta ekintzailea da, gazteek parte har dezaten eta euren buruari etengabe galdetzeko: zer ekarpen egin dezaket nire ingurunea/ komunitatea/ hiria/ herrialdea/ mundua hobea eta jasangarriagoa izan dadin? Horrela, taldekide bakoitzak rol bat izango du, eta guztien artean –zein bere erantzukizun, trebetasun edo gaitasunekin– jardueraren dinamizatzaileek aurkezten dizkieten egoerak eta erronkak ebatzi beharko dituzte.
'Bilbao Gazte Take Action' programaren helburuak
- Bilboren Balioen Agiriaren balioak zabaltzea, hiriko gazteen artean jarduteko esparru gisa.
- Gazteei ahotsa ematea, Bilbok datozen urteetan izango dituen arazo sozial, ekonomiko, politiko, teknologiko eta abarrei buruz.
- Ezagutzak, balio emozionalak eta sozialak garatzea gamifikazio-tekniken bidez, esperientzia-ikaskuntzaren metodologiaren pean.
- Gazteak gizarte- eta ingurumen-arazoez kontzientziatzea eta sentsibilizatzea 2030 Agendaren eta GJHen esparruan.
- Aldaketaren eta pentsamendu kritikoaren kultura sustatzea, gizarte-berrikuntzaren ikuspegitik.
- Lehendabizi, ikasi, eta gero, ekintzara pasa. Ideiatik proiektura eboluzionatzea. Egiteko jakitea.
- Erantzun galdera honi: Zer egin dezaket nire auzoa/hiria/herrialdea/mundua jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan dadin?
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea "gure gazteez oso harro" agertu da. Ilusio handiz, "Bilbao Gazte Take Action-en bigarren edizio honetako gazteez" inguratuta egon da. "Lehenik eta behin, parte-hartze handiaz, eta hain funtsezkoa den hezkuntza-komunitatearen inplikazioaz hitz egin dezakegu. Bigarrenik, proiektuak Bilboko gazteen bozgorailua aktibatzeko helburua lortu du, ingurune jasangarriago eta tokiko balioekin lerrokatutako baten eraikuntzan betetzen duten eginkizunari buruz hausnartzeko espazio bat eskainiz. Hirugarrenik, estrategia eraginkorra izan da gazteen artean egungo eta etorkizuneko erronkei buruz kontzientzia sustatzeko. Eta laugarrenik, ekimenak "Bilbao Change Marker" kultura bat ezartzea lortu du, pentsamolde aktiboa sustatuz, non gazteek etengabe zalantzan jartzen duten euren ingurunea, komunitatea, hiria, herrialdea eta, oro har, mundua hobetzeko egiten duten ekarpena".