Zorrotza auzoa izango da mugikortasun urriko pertsonei eta dibertsitate funtzionala dutenei bideratutako 'Adinak biziz/Bicis sin edad' izeneko proiektuaren hurrengo geralekua abendutik aurrera. Astelehen honetan, azaroaren 11n, Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzik programaren aurkezpena egin du, erabiltzaile eta boluntario batzuekin batera.
Ekimen horrek aisiarako baliabide egokitu eta inklusiboa eskaintzen du, adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta haien autonomia, integrazioa eta zahartze aktiboa sustatzeko.
Programa Gizarte Ekintzako Sailak sustatu du, eta Bizkaiko Gurutze Gorriak, berriz, dinamizatu. Bertan ibilbide batzuk proposatzen dira hiriko leku batzuetatik abiaturik bizikletaz egiteko. Orobat, aisialdiko eta denbora libreko hainbat jarduera ere proposatzen ditu, taldean eta bizikletaz egiteko: bisita gidatuak, kultur ibilbideak edo museo-bisitak.
2022ko azaroan hasi zenetik 2024ko lehenengo seihilekora arte, guztira, 723 erabiltzailek hartu dute parte ekimen horretan, Gurutze Gorriko 53 boluntariok osatutako egungo talde baten lankidetzari esker.
Aurten, ibilaldiez gainera, aparteko irteera berriak ere antolatu dira, hala nola ONCErekin egindako belaunaldiarteko irteera, Errege Koparen ospakizunen barruan gabarra bisitatzea, ibilaldia eta Itsasmuseumera bisitatzea, yogaren, argazkigintzaren edo Alzheimerraren nazioarteko eguna ospatzea...
Ibilbide berriak eta publiko berriak
Helburua da «Adinak biziz/Bicis sin edad» proiektua Bilboko auzo eta barrutietara eramaten joatea. Hain zuzen ere, Txurdinagan egindako esperientzia arrakastatsua errepikatzea da asmoa, eta aldi berean aztertu nahi da bideragarria ote den Elorrieta, San Ignazio eta Zorrotzaurre inguruan ibilbide bat egitea.
Txurdinagan ibilbide berri bat egin zen irailean, eta ibilbide horrek irteerak izan ditu programatutako egun guztietan, eta eskaera handia izan da. Boluntarioei prestakuntza eman zitzaien hasieran, eta horren ondoren parkean paseoak egin ziren, parkeak dituen leku interesgarrietan geldialdiak eginez. Etxebarria parkerako bidea zabaltzea baloratu zen, eta adinekoen elkarteetako eta inguruko hainbat egoitzatako pertsonek hartu zuten parte.
Era berean, zerbitzua mugikortasun urriko pertsonei eta dibertsitate funtzionala dutenei zabalduko zaie abendutik aurrera. Abenduaren 3ko astean emango zaio hasiera, egun hori izendatu baitzuen NBEk Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. Horretarako, harremanetan jarriko dira kolektibo horiei lotutako elkarteekin eta aurretik zerbitzua eskatu zuten baina eman ezin izan zitzaien pertsona partikularrekin.