Astearte honetan hasi dira Abandoko Juan de Ajuriaguerra kaleko zenbaki bikoitien espaloia zabaltzeko lanak. Lan horietarako, Bilboko Udalak 349.452,41 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne.

Obrak Euskadi plazako biribilgunearen eta Iparraguirre kalearen artean egingo dira, hau da, 36. eta 52. zenbakien artean. Izan ere, lerro zuzeneko 155 metroko eremu horretan, espaloiaren zabalera ez da 2 metrora iristen. Gainera, farolak daude zintarriaren ondoan, eta horrek are gehiago murrizten du oinezkoentzako zabalera erabilgarria.

Espaloiaren ondoan, lineako aparkalekuak daude, eta zirkulaziorako noranzko bakarreko errei bat, 4 metro zabalekoa. Kalea osatzen duen zenbaki bakoitien espaloia duela gutxi berritu zuten.

Hasi berri diren obrek bost hilabete iraungo dute, eta, proiektu honekin, Udalak helburu bi ditu: alde batetik, inguruko oinezkoen bideak hobetzea, eta, bestetik, irisgarritasunaren arloko araudia betetzea. Gainera, jarduketa honekin, zoladura eta hala eskatzen duten zerbitzu-sareak berritzeko aprobetxatuko da.

Zehazki, errepidea 4 metrotik 3 metrora murriztuko da kotxeentzako, eta, horrela, espaloia metro bat zabaldu ahal izango da batez beste kale osoan. Aparkalekuen zerrenda, berriz, mantendu egingo da.

Nolanahi ere, espaloia zabaltzearekin batera, kalearen ertzetako irtenguneak moldatuko dira, zintarriaren lerrokadura berrira egokitzeko.

Espaloiaren zoladura gris koloreko Bilbao motako baldosarekin egingo da; errematea, berriz, granitozko zintarriarekin. Zeharkako kaleekiko elkarguneetan hondatzen diren baldosak ere berritu egingo dira, bakoitzak aldez aurretik zeukan estetika errespetatuz. Azkenik, oinezkoen pasabideetan, norabidea markatzen duten botoi motako ukipenezko baldosa gorriak jarriko dira, irisgarritasunaren arloko araudiak ezarritako geometriari eta diseinuari jarraituz.

Auzokide Plana

Juan de Ajuriaguerra kalean egingo diren obrak Auzokide Planaren barruan sartuta daude, uriko auzoak hobetzea helburu duen planaren barruan; gainera, 6. barrutiko (Abando) auzotarrek lehentasuna eman diete lan horiei.