Larunbat honetan, ekainaren 15ean, La Perrera izango da gazteak teknologiara eta ingeniaritzara modu ludiko eta dibertigarrian hurbiltzea helburu duen 'World Robot Olympiad' gazteentzako nazioarteko robotika txapelketaren sailkapen-proben egoitza. Horrekin, euren prestakuntzarako eta garapen sozialerako gaitasunak bereganatzeko aukera izango dute.

Bilboko Udalaren gazte-ekipamendua hezkuntza-lehiaketa honen egoitzetako bat da aurten ere.

Parte-hartzaileek robot berritzaile bat eraiki eta erronkak gainditu beharko dituzte, hainbat kategoriatan. Jardunaldi honetan zehar (09:30-14:00), Bilboko eta inguruko 9 taldek parte hartuko dute (haietako bi, La Perrerako makergunekoak) honako erronka hauetan:  RoboSports (11-19 urte): talde bakoitzak bi robot autonomo eraiki beharko ditu, beste talde baten bi roboten aurka arituko direnak. Robomission (bi kategoria: junior 11-15 urte eta senior 14-19 urte): taldeek robot autonomo bat eraiki beharko dute, taula batean planteatutako probak ebaztean ahalik eta puntuaziorik handiena lortuko duena.

14:00etan sariak emango zaizkie talde irabazleei.  Sailkatzen direnek Estatuko txapelketa batean parte hartuko dute, irailaren 14an eta 15ean Huércal de Almería-n. Nazioarteko finala Izmirren (Turkia) izango da.

2023an, La Perrerako bi talde sailkatu ziren World Robot Olympiad txapelketaren finalerako (La Seul d’urgell), eta haietako bat hirugarren postuan geratu zen. Urtean zehar, La Pererrako makergunean robotikako prestakuntza-tailerrak egiten dira, baita STEAM gaitasunekin lotutako beste gai batzuetakoak ere.