Bilbaoko Udaltzaingoak martxan jarriko du astelehen honetan, Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoarekin jarraituz, uriko kaleetan ibiltzen diren eskola garraioko ibilgailuak zaindu eta kontrolatzeko kanpaina berri bat, zeina hurrengo ostiralera arte, hau da, maiatzaren 31ra arte, egongo den indarrean. Egun horietan, bi ikuskapen mota desberdin egingo dituzte.

Ekimenaren xedea da egiaztatzea nola eramaten dituzten ikasleak beren ikastetxeetara, ea Bilboko Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak egokiak diren eta, gainera, garraio mota horretan jarduten diren ibilgailuen kontrol zehatza egitea.

Ikuskapen bi egingo ditu Bilboko Udaltzaingoak

Udaltzaingoak ikuskapen mota bi egingo ditu. Lehenengoan, administrazio arloko kontrol bat egingo da, eduki beharreko baimen eta agiriak badaramatzaten egiaztatuz, bai ibilgailuei dagozkienak bai gidariei dagozkienak (gidatzeko baimena eta alkoholemia kontrola, besteak beste). Bigarrenean, arreta berezia jarriko zaie zerbitzu ematen duten autobusen ezaugarriei, ikasleen segurtasunik handiena bermatzearren.

Arau-hausteren bat ikusiz gero, dagokion salaketa egingo da. Era berean, egiaztatuko da ibilbidea Bilbon duten eskola-autobusek betetzen ote dituzten Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak.

Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz.