Aurreko bi edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Bilboko Udalak martxan jarri du berriro udal hilerrian egingo den aire zabaleko pintura lasterreko lehiaketa. Ekainaren 1ean egingo da, goizeko 08:30etik 14:00ak arte. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, Bilbao Zerbitzuak webgunearen bidez egin behar izango dena.

Lehiaketak hil-artearekin zerikusia duten margolanik onenak sarituko ditu, bereziki monumentuekin, artearekin, paisaiarekin eta alderdi bereziekin erlazionatutakoak, bai eta hil-sinbologia eta ondare-balioa eta Bilboko udal hilerriko esparruan nagusi den bake eta harmonia sentsazioa nabarmentzen dituztenak ere. Gauzak horrela, parte-hartzaile bakoitzak sinatu gabeko eta hilerrian bertan eginiko obra bakar bat aurkeztuko du Kaperan, 13:30etik 14:15era.

Artistak bere obra sortzeko behar dituen material eta baliabide guztiak eraman beharko ditu, (astoa, aulkia, margotzeko produktuak, etab). Horrez gain, eta kutsadura-ondoriorik ez izateko, parte-hartzaile bakoitzak pinturak edo disolbatzaileek sortutako edo baztertutako hondarrak edo hondakinak jaso eta Bilbao Zerbitzuak-ek horretarako jarriko dituen garbiguneetan utziko ditu.

Teknika librea

Lehiaketa edozein motatako pintura-tekniketara dago irekita: olioa, akrilikoak, akuarelak edo teknika mistoak. Ez da onartuko argazki-tekniken edo teknika digitalen bidez egindako lanik, ez akaberan, ez argazki bat kopiatuz egiten dena ere. Izan ere, lehiaketaren helburu nagusietakoa parte-hartzaileek euren lana jatorrizko elementuaren aurrean aire zabalean egitea da.

Formatua ere librea izango da, eta lanen gutxieneko neurria 80×60 zentimetrokoa; akuarela bada, gutxieneko neurria 50×30 zentimetrokoa izango da. Euskarriak zurrunak izango dira edo bastidore gainean muntatuko dira (taula edo mihisea), eta inprimazioa kolore bakarrekoa izango da, zuria edo kolore uniformekoa, testurarik gabea, laua eta zurruna. Papera eta kartoi mehea erabili ahal izango dira ere akuarela edo antzeko teknikak erabiliz gero.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere hiru sari banatuko dira: 1.000 euroko lehen saria, 500 euroko bigarren sari bat, eta 300 euroko hirugarren bat. Edozein kasutan ere, epaimahaiak 20:00etatik aurrera emango du jakitera epaia, eta, egoki baderitzo, akzesit bat eman ahal izango du, 250 euroko sariarekin.

Sarituak ez diren lehiakideek Bilbao Zerbitzuak bildumaren esku utzi ahal izango dute beren lana. Hala ez bada, egile bakoitzak kendu egin beharko du bere lana.

Udal Hilerrian aire zabaleko pintura lasterreko lehiaketaren hirugarren edizioaren kartela.

Udal Hilerrian aire zabaleko pintura lasterreko lehiaketaren hirugarren edizioaren kartela. B. U.