Síguenos en redes sociales:

Haizeagatik aktibatutako alerta laranjaren aurrean gomendioak eman ditu Bilboko Udalak

Haizeagatik aktibatutako alerta laranjaren aurrean gomendioak eman ditu Bilboko UdalakB. U.

Asteazken honetan, gaueko 21.00etatik ostegun goizeko 3.00etara bitartean gutxi gorabehera, haizeagatik aktibatu egin dute alerta laranja. Hori dela eta, ahalik eta ezusteko gutxien gerta daitezen, Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu hainbat gomendio herritarrek kontuz ibil daitezen. Esate baterako, oso garrantzitsua da ateak itxita egotea, eta leihoak eta olanak finkatzea.

Udalak bat egin du, beraz, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuekin, haize-bolada bortitzek izan ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko. Ildo horretan, honako hau gomendatzen die herritarrei:

  • Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
  • Kendu lorontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
  • Finkatu aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak.

Gainera, kanpoan bazaude, hau gomendatzen da:

  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.

Eta bidaiaren bat egingo baduzu:

  • Ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
  • Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz.
  • Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.

Eta edozein larrialdi gertatuz gero, gogoratu zeintzuk diren halako kasuetan larrialdietarako arreta-telefonoak, hala nola 112 edo Bilboko Udaltzaingoaren 092 zenbakia.