Bilboko Udalak 1.344.265,03 euroko (BEZik gabe) aurrekontua bideratu egin du Otxarkoagako Garate kalearen ingurunean igogailu bi jartzeko. Bada, dagoeneko lanak amaitu egin dira, eta igogailu biak martxan daude dagoeneko.

Lan horien emaitza ikusteko, Otxarkoagara joan da Juan Mari Aburto alkatea gaur goizean, Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko Saileko eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako Saileko zinegotziekin eta udalbatzako beste kide batzuekin batera.

Obra horren bidez, Udalaren helburua izan da auzo barruko mugikortasuna hobetzea, arkitektura-oztopoak gainditzea eta ibilbide irisgarriak sortzea, bai Otxarkoagako guneen artean, bai auzoaren eta Txurdinagaren arteko loturetan.

Hala, hiru esku-hartzeak Garate kaleak hegotik iparrera egituratutako eremu geografiko batean egin dira. Kale hori oso aldapatsua da: zati batzuetan, % 15erainoko malda dago.

Beheko igogailuak Garate kaleko beheko aldeari ematen dio zerbitzua; Txurdinaga LHII ikastetxetik eta Jesus Galindez etorbidea eta Ornilla Doktorearen kalea lotzen dituen biribilgunetik hurbil dago. Hain zuzen, Jesus Galindez etorbidearen eta Garate kalearen arteko ezpondan dago sartuta igogailua. Igogailuak 14,76 metroko desnibela gainditzen du guztira, eta geraleku bi ditu, 180 gradutan antolatuta.

Nukleo bertikala eta egitura metalikoa ditu, eta aldeetako batean beira xaflatua dauka. Beste hiru aldeetan, berriz, fatxada aireztatuen panelak daude.

Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa 16,27 metro luze den metalezko pasabide baten bidez lotzen dira.

Goiko igogailua Garaizar kaleko bazterbide txiki batean hasten da, kale horretako 12. eta 14. blokeen arteko oinezkoentzako pasabidearen ondoan, eta Garate kalean amaitzen da.

Ezpondan sartuta dago egitura, eta 17,7 metroko desnibela gainditzen du guztira.

Beste igogailuak bezala, goikoak ere 180 gradutan dauden bi geraleku ditu, baita nukleo bertikala eta metalezko egitura ere, baina, kasu honetan, beira xaflatuzkoak dira alde guztiak.

Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa, berriz, metalezko 18,32 metro luzeko pasabide baten bidez lotzen dira.

Elementu mekaniko biek ala biek 13 lagunentzako lekua dute, eta bideozaintza-zerbitzua dute eguneko 24ko orduetan.

Bideak Garaizarreko landetan

Garaizarreko landak izeneko eremua Garaizar kaleak iparraldean, Ugarte kaleak hegoaldean eta Garate kaleak mendebaldean mugatzen dute.

Ingurune hartan komunikazio-ardatz irisgarriak egituratzen jarraitzeko, zenbait arrapala eta sigi-saga egin dira, Ugarte eta Garaizar kaleak lotzeko. Haiei esker, 11 metro inguruko desnibela eta % 14,4rainoko aldapak gainditu dira.

Gainera, oinezkoentzako pasabide bat eraiki da ibilbidearen erdian, proiektatutako bideetatik haurrentzako jolas-parkerako irisgarritasuna hobetzeko.

Jarduketa horri esker, irisgarritasun integraleko ardatz bat ezarri da eremuan, lehen igogailutik bigarren igogailura. Lau puntutatik iritsi ahal da bide berri horietara: Garaizar kaleko bi lekutatik, haurrentzako jolas-parketik eta Ugarte kaleko 28. zenbakitik.

Mugikortasun bertikala

Igogailu horiek zenbatuta, dagoeneko 68 elementu bertikal publiko daude martxan urian. Gainera, beste igogailu-obra batzuk exekutatzen ari dira: bi Artazubekoan, bi Solokoetxen eta igogailu inklinatu bat Masustegin.

Europaren finantzaketa

Garate kalearen inguruko igogailu biak eraikitzeko, Europaren finantzaketa jaso da. Hain zuzen, 1.094.080,50 euroko dirulaguntza jaso da, Emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko udalerriei laguntzak emateko programaren esparruan, Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.