Síguenos en redes sociales:

Frantziako kontsul berriari harrera egin dio Aburtok

Frantziako kontsul berriari harrera egin dio AburtokB. U.

Astearte honetan goizean, urriaren 24a, Frantziak Bilbon duen kontsul nagusi berriari, Marianne Carréri, harrera egin dio udaletxean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Kortesiazko ikustaldi honek Bilboko Udalaren eta hiriko bizitza sozialean eta kulturalean erabat errotuta dagoen frantziar ordezkaritza diplomatikoaren arteko egungo harreman bikainak indartzen lagunduko du.

Marianne Carré, 61 urtekoa, historia ikasi eta Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan diplomatu zen. 1994an, lehiaketa bidez sartu zen Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministerioan, eta kultura, ikerketa eta komunikazioaren sustapenarekin lotutako hainbat posturen ondoren, uztailean, Frantziak Bilbon duen Kontsul Nagusi berria bihurtu zen Yann Battefort-en ordez, izan ere, lau urteko lanaren ondoren, azken honek kargua utzi du Frantziak Monakoko Printzerrian duen Enbaxadako Lehen Kontseilaria izateko.

Alkatearekin izandako topaketan, Eider Inunciaga Nazioarteko Gaietarako Zinegotzia tarteko, Frantziak hirian duen ordezkari diplomatiko gorenak –Bilboko Institutu Frantseseko zuzendaria ere bada– gaurkotasuna jorratu eta bi aldeen intereseko gaiei buruz hitz egiteko aukera izan du, Bilboko Udalaren eta Frantziak Bilbon duen Kontsulatu Nagusiaren artean dauden harreman estuak areago indartzeko asmoz.

Frantziako Tourraren aurreko edizioaren irteera Bilbon antolatu izanak bultzada handia eman die gure hiriaren eta herrialde horren arteko harremanei, baina azken urteotan, nazioarteko harremanen ohiko agendaren barruan, Juan Mari Aburto Alkateak Frantziako ordezkaritza ugari hartu ditu, eta horien artean, beren-beregi nabarmen daitezke Frantziako Enbaxadoreak eta Kontsulak egindako bisitak edota Bordele eta Estrasburgoko alkateenak, besteak beste.