Clara Campoamor idazleari eskainitako mural bat hartuko du Zorrotzak
Clara Campoamor abokatu eta idazlearen omenezko mural bat inauguratu egin dute ostegun honetan, urriaren 19an, Zorrotzako auzoan, idazlearen izena duen kalean konkretuki. Hormairudiaren inaugurazian parte hartu du Bilboko alkate Juan Mari Aburtok.
Ekitaldi horretan, alkatearekin batera, obraz arduratzen den Eva Mena artista eta esku-hartze artistikoa proposatu duen Juan Carlos Rodríguez auzotarra izan dira. Gainera, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak, Kontxi Claver Berdintasun Saileko zinegotziak eta Marta Ajuria Barrutiko lehendakari eta Ogasun zinegotziak ere hartu dute parte bisitan, beste zinegotzi batzuen artean.
Murala herritarren ekimen baten emaitza da; ekimen hori aurtengo Parte-hartze Bidezko Aurrekontuen prozesuaren barruan hautatu zen. Juan Carlos Rodriguezek proposatu zuen omenaldia emakumeen eskubideen defendatzaile horren izena duen kalean bertan egitea, eta, gainera, berak aukeratu zuen zer lekutan jarri horma-irudia.
Artelan estreinatu berri horretara egindako bisitan, Juan Mari Aburto alkateak sufragista eta politikari horren legatua gogorarazi du, "berriro ere omenaldia egiten diogu Clara Campoamor andreari. 2017an, kale hau inauguratu genuen, eta, orain, herritarren parte-hartzeari esker, berriro gogorarazten dugu. Bere garairako emakume aurreratua izan zen, eta haren borrokak eta ausardiak gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunerako bidea ireki zuten. Garrantzitsua da belaunaldi berriek oso gogoan izatea nolako lana egin zuten Clara Campoamor bezalako pertsonek, nolako borroka emakumeen eskubideen eta feminismoaren alde".
Clara Campoamor Rodríguez (Madril, 1888 - Lausana, 1972) politikaria eta militantzia feministan aitzindaria izan zen. Estatuko feminismoaren "ametako" bat dela jotzen da, emakumeen eskubide-berdintasunaren alde egin zuen, eta, gainera, emakumeen boto-eskubidearen defendatzaile sutsua izan zen. 1931ko irailean, Espainiako Parlamentuko lehenengo diputatu emakumezkoa bihurtu zen.
Clara Campoamorrek lotura handia izan zuen Euskadirekin eta, zehatzago esanda, Donostiarekin. Bertan jardun zuen gaztetan telegrafista lanean eta baita abokatu lanean ere, Errepublika aldarrikatu zenean. 1931ko abenduaren 5ean, «Konstituzioa eta emakumeen botoa» gaiari buruzko hitzaldi historikoa eman zuen Zabalburu plazan gaur egun desagertuta dagoen «La Terraza» aretoan. Hitzaldi jendetsu hura lehenengo urratsa izan zen Unión Femenina Republicana elkartearen Bilboko delegazioa eratzeko. Delegazio hori Campoamor elkarteak sortutako elkarteko talde aktiboenetako bat izan zen. Orduan gaur egungo Bidebarrietako Liburutegian zegoen El Sitio elkartearen babespean sortu zen. Clara Campoamor emakume aurreratua zen bere garairako, eta, emakumeen boto-eskubidea lortu bazuen ere, jarduera politikotik erabat baztertu zuten bere alderdikideek. Gerra Zibila piztu zenean, erbesterako bidea hartu behar izan zuen, lehenik Argentinara eta gero Suitzara, eta azken herrialde horretan hil zen.
Eva Menak egin du murala. Arte Ederretan lizentziaduna da eta grafitia pintatzen hasi zen 1996an. Artista urbanotzat jotzen du bere burua, eta muralak ditu Marokon, Brasilen, Palestinan, Frantzian, Egipton, Erresuma Batuan edo Norvegian. Bere lanaren zati batean emakume aktibistak eta feministak hartu ditu ardaztzat, asko baloratzen baititu emakume horien borroka eta mezua, eta baliatzen baititu emakumeen beharrezko ikusgaitasunaren sinbolo gisa erretratatzeko. Sarritan, hitzaldiak, ikastaroak, grafiti-tailerrak eta antzeko ekitaldiak ematen ditu eta bertan bere ezagutzak partekatzen ditu.
Muralaren ondoan, QR kodeak jarri dira, eta haien bidez Clara Campoamorren bizitza kontatzen da eta haren lanari buruzko azalpenak ematen dira.