Síguenos en redes sociales:

Jarduera osasuntsuak sustatuko ditu Bilbok ikastetxeetan

Umeei txikiak direnetik ohitura osasungarriak irakatsi aldera, Bilboko Udalak jarduera osasungarrien programa zabalduko du berriro hasi berri den ikasturte honetan. Ekimena lehen eta bigarren hezkuntzako eta heziketa-zikloetako ikastetxe publiko eta itunpekoetako eskola-komunitateari bideratuta dago.

Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotzi ordezkariak azpimarratu duenez, "programa honek garrantzi handia du, gizartearen etorkizuna izango den biztanleriaren segmentu gazteenean jartzen baitu arreta". Gaineratu duenez, "programak Bilboko I. Osasun Planaren jarraibideei jarraitzen die, eta Udalak herritar gazteenengan kontzientzia eta prestakuntza zabaltzeko duen konpromisoa islatzen du, egungo eta etorkizuneko gizartean ohitura osasungarriak finkatzeko funtsezkoak diren alderdien inguruan". 

Saileko Komunitatearen Osasuneko Taldea medikuntzako, erizaintzako eta psikologiako profesionalek eratzen dute, eta laguntza eta orientazioa eskainiko dizkiete irakasleei, euren ikasgeletan gai horren inguruko hezkuntza-saioak antola ditzaten. Horretarako, hainbat gairen inguruko materialak banatuko zaizkie, hala nola elikadura osasungarria, jarduera fisikoa, ongizate emozionala, osasun sexuala edo adikzioen prebentzioa.

Aurten, teknologia konektatuen erabilera segurua eta osasungarria sustatzeko eta herritar digital positiboak sortzeko tailerrak emango dira (iaz hasi ziren ematen). Tailerron bidez, herritarrak, bereziki adingabeak eta nerabeak, sentsibilizatu eta prestatu nahi dira ziberbizikidetzaren, tolerantziaren eta aniztasunaren arloan, genero-ikuspegitik eta sexu-aniztasunetik eta genero-identitatetik abiatuta. Tailer bakoitzak 2 orduko iraupena izango du, lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat. Iaz 29 ikastetxetan egin ziren eta 900 ikaslek parte hartu zuten.

Iazkoan, ohitura osasuntsuak sustatzeko programako jarduerak 70 ikastetxe publiko eta itunpekotan egin ziren, eta 14.000 ikasle inguruk parte hartu zuten haietan.

Aurreko edizioetan bezala, ikasturte honetan lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzako tailerrak egingo dira. Lehen hezkuntzako zikloetan, elikadurari eta gorputz jarduerari buruzko gaiak landuko dira lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleen artean, eta hazteak gorputzean, psikologian eta gizarte bizimoduan eragiten dituen aldaketei buruzkoak lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleekin.

Bigarren Hezkuntzari dagokionez, bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko tailerrak eskainiko zaizkie ikasleei (Batxilergoko 1. mailakoei). Ikastetxe publikoetan, halaber, tailer hauek irakatsiko dira: “Pubertaroa: dena aldatzen ari zait” (DBHko 1. mailakoei), eta “Nerabezaroa gaur” (DBHko 4. mailakoei); aldiz, itunpeko ikastetxeetan “Osasun afektibo-sexuala” tailerra eskainiko da (DBHko 3. mailakoei), baita oinarrizko graduko eta gradu ertaineko heziketa-zikloetan ere.

Ikastetxe publikoetan eta itunduetan adikzioak prebenitzeko programa bat eskaintzen da. Tailerrak egiten dira maila guztietan: DBHtik hasi eta Batxilergora arte, baita droga-mendetasunei eta jokoarekiko adikzioari buruzko heziketa-zikloetan ere. Lan horretan, banakako aholkularitza eta orientazioa, errefortzu-tailerrak eta laguntzarako jolas-jarduerak ere sartzen dira.

Aholkularitza irakasleei, zuzendaritza-taldeei eta ikasleen gurasoei

Komunitatearen Osasuneko Taldeak osasunarekin eta adikzioen prebentzioarekin lotutako hainbat gairi buruzko prestakuntza jasotzeko aukera ematen die irakasleei eta irakasle ez diren langileei, bai eta ikasleen gurasoei ere.

Bestalde, ikasturtearen hasieran, ikastetxe guztiekin jarri dira harremanetan, publikoekin nahiz itunpekoekin, aholkua, informazioa eta gida eskaintzeko adikzioei buruz. Ildo horretan, 38 ikastetxek egindako eskaera espezifikoei erantzun zaie, eta 150 esku-hartze zehatz inguru garatu dira.

Joan den ikasturtean 37 ikastetxetan (25 publiko eta 12 itunpeko) esku hartu zen, 277 saiotan (239, ikastetxe publikoetan, eta 38, itunpekoetan), eta guztira 2.400 pertsona izan ziren (1.896 ikastetxe publikoetakoak eta 504 itunpekoetakoak).

Programak gurasoei laguntza eskaintzen die hainbat konturi buruzko sentsibilizazioa, informazioa eta prestakuntza emanez, oro har haien seme-alaben hezkuntzaren ingurukoak, emakumeen mutilazio genitalean eta adikzioen prebentzioan sakonduz.

Programa horretan, halaber, sartzen da eskolan kutsagarriak diren eritasunak zaindu eta kontrolatzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean. Halaber, ikasle zaurgarriengan sor daitezkeen arazoei arreta jartzen zaie, besteak beste adikzioak saihestearekin zerikusia dutenei.

Elikagaien segurtasuna eta kontsumo arduratsua

Beste alde batetik, hezkuntza-programaren barruan funtsezko beste gai bat landuko da, Sailaren eskumenekoa: kontsumo arduratsua.

Hala ikastetxe publikoei nola pribatuei Kontsumo Arduratsuaren gaineko Hezkuntza Programa eskainiko zaie, zeinetan hainbat gai lantzen baitira: elikadura jasangarria (lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak / bigarren hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak), ura, baliabide naturala (lehen hezkuntzako 6. maila/ bigarren hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak), eta garraio publikoa (lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailak).

Elikagaien Segurtasunerako Tailerra ere antolatzen da, Bilboko Udal Laborategiko bisita gidatua eta substantziak identifikatzeko jarduerak, DNA eta PH, barne hartzen dituena (adar biosanitarioko Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat).

Bueltaka obraren antzezpenekin jarraituko da ikastetxean bertan, kontsumoari buruzko gaiekin (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak), ikasleak eskubideei eta betebeharrei buruz informatu eta sentsibilizatzeko, eta jokabide kritiko eta arduratsua izan dezaten euren kontsumo-ohituretan.

Era berean, “Ahaztua izateko eskubidea, hots, datu pertsonalak ezabatzeko eskubidea” gaiari buruzko mintegi bat eskainiko da, Bilboko ikastetxe publiko eta itunduetako batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzendua.