Kirolaren balioak sustatzeko kanpaina abiarazi du Bilboko Udalak
Beste urte batez, kirolean baloreak sustatzea izango da Bilboko Udalaren erronka nagusienetariko bat hasi berri den kirol-denboraldi honetan. Hori dela eta, Bilbao Kirolak erakundearen bitartez 'Kirola gara, baloreak gara' izeneko sentsibilizazio-kanpaina jarri du martxan Udalak, batez ere kirol basean aritzen diren umeei -eta haien gurasoei- bideratuta dagoena, haiek baitira protagonista nagusiak.
Udal-instalazioak erabiltzen dituzten kirol-kluben eta -erakundeen lankidetza izango du ekimenak, eta kirolaren berezko balioak bultzatu nahi ditu, hala nola errespetua, konpromisoa, joko garbia eta jardunbide egokiak.
Urrian zehar, partida ofizialen hasieran, kirol-taldeetako jokalariek 'Kirola gara, baloreak gara' goiburua izango duten pankartekin aterako dituzte argazkiak. Irudiak Bilbao Kirolak erakundearen sare sozialen kontuetan zabalduko dira eta, horrela, Bizkaiko uriburuko kirol-klubak eta -erakundeak osatzen dituzten pertsona guztiek kirolaren balioekin hartutako konpromisoa gogoraraziko da.
Kanpaina Bilboko Udalbatzaren akordio batetik sortu zen eta, ondoren, Kirolaren Udal Foroak aztertzeko eta hausnartzeko jaso zuen. Foro horrek balioen eta jardunbide egokien dekalogoa ezarri zuen, Bilboko kirol-komunitatearen egunerokotasuna gidatu behar duena.
Bilbo, Balioen Hiria
Kanpaina hau Bilbao Balioen Hiria proiektu estrategikoaren barruan dago. Proiektu hori parte-hartze bidezko proiektua da, Bilboko Udalak sustatua baina hasiera-hasieratik herritarren lankidetzari esker eratua eta garatua.