Igande honetan, urriaren hasierarekin batera, eskainiko du Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregian emango dituen bederatzi kontzertuetatik lehena. 'Frantziako haizeak' izeneko saioa 12.00etan hasiko da.
José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak gidatuko du ikuskizuna eta berarekin batera Juan de la Rubia organista bikaina arituko da Euskalduna Jauregiko organo ikusgarria jotzen. Musika instrumentu honek 5.390 hodi ditu, 30 tonatik gorako pisua, 71 joko edo erregistro eta 30 kanpai, eskuzko lau teklatutan eta pedalean banatuta. De la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren Basilikako organista titularra da eta 2020an jo zuen lehen aldiz Euskalduna Jauregiko organoa.
Hitzordua auditoriora bertaratuko den publikoaren gozamenerako ikuskizuna izango da. Saint-Saëns bezalako konpositore frantsesaren klasiko ezagunetatik hasi eta XX. mendeko banda-musikako emakumerik garrantzitsuenetariko baten doinuak entzungo dira, Ida Gotkovsky konpositorearen lanak, bere jaiotzaren 90. urteurrenean.
Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, Euskalduna Jauregiaren webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
"Nino Bravo gogoan" izango da Bilboko Udal Musika Bandaren hurrengo kontzertua Euskalduna Jauregian. Iñaki Urkizu Bandaren zuzendariordearen gidaritzapean, eta Serafín Zubiri pianoan duela, nafarrak “Esta será mi casa” (Hau nire etxea izango da), “Cartas amarillas” (Gutun horiak), “Noelia”, “Mi tierra” (Nire lurra), “Un beso y una flor” (Musu bat eta lore bat)… tituluekin ausartuko da. Ahots bat eta garai bat gogorarazten duten doinuak dira denak. Valentziarra duela berrogeita hamar urte zendu zen, soinu-arrasto pertsonal bezain ahaztezin bat utzita.