Bilboko Udalak 1.117.559,21 euroko inbertsioa egingo du Iturribide kalea hobetzeko. Lanak sei hilabeteko epean gauzatuko dira estetika modernoagoa eta atseginagoa kaleari emateko.
Kale honetako espazioa atseginagoa izatea da proiektu honen helburuetako bat; hartara, zenbait jarduketa aurreikusten dira, hala nola:
- Dauden mutiloi guztiak kentzea eta galtzada mugatzen duten elementu horien ordez oinezkoentzako altzari atseginak jartzea, hala nola hormigoizko eserlekuak (egurrezko bizkarraldearekin eta bizkarrik gabe) edo eserlekuak dituzten jardinerak, besteak beste.
- Espaloien zoladura erabat berritzea.
- Argiztapena hobetzea, hormako luminarietatik luminaria bertikaletara pasatuz eta argien banaketa homogeneoagoa eginez.
- Bizikleten erabilera sustatzeko bizikleta-aparkalekuak jartzea.
- Galtzada handitzea, kale osoa kota berean berdintzeko eta, horrela, kalearen irudia handitzeko, oinezkoei lehentasuna emanez.
Era berean, hirigintzaren alorreko hobekuntza integrala egiteko, udalaren beste helburuetako bat baita, honako hauei helduko zaie:
- Galtzadaren zabalera 3,50 metrora murriztea modu jarraituan kalean esku hartuko den eremu osoan, galtzadaren bi aldeetako aparkalekuak kenduz.
- Espaloiak handitzea, lehengo aparkalekuen espazioa irabaziz.
- Kale azpitik doan lurpeko galeria egokitzea, hura iragazgaitziz.
- Euri-uren sarea aldatzea, galtzadaren bi aldeetan granitozko bi areka eginda, kutxatilak doituta, hustubide berriak eginda, etab.
- Gas- eta telefonia-sareak erabat berritzea, trazadura partekatzen baitute.