Bilboko Udalak den-dena prest dauka ekainaren 28etik uztailaren 1era bitartean ospatuko den Grand Départ Pays Basque 2023rako. Hala, Segurtasuna, Mugikortasuna, Zerbitzuak eta Bilbao Kirolak sailak koordinatu egin dira, besteak beste, dena ondo atera dadin egun horietan. Halaber, komunikazioa ere indartuko da, Bilboko bizilagunek jakin dezaten zer gorabehera eragingo dituen gertakizun horrek eta zer konponbide emango zaizkion.

Bilborako egun horietarako prestatu den dispositiboak, beraz, eragingo du 50 puntutan bidea ibilgailuentzat ixtea, eta bide batzuk 6 ordu eta beste batzuek 72 ordu bitartean edukiko dira itxita. Bidea 72 orduan itxita egongo den kasu hori Etxebarria parkerako sartzeko biribilgunean izango da, eta ekainaren 28an (eguaztena) 20:00etan hasi eta lasterketaren helmugako instalazioak guztiz desmuntatu arte iraungo du, alegia, aurreikusi denez, uztailaren 1ean (zapatua) 22:00etara arte.

Zirkulazio aldaketek eragina izango dute, modu batean edo bestean, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorrietan, barruti guztietan, eta batez ere, barikuko 22:00etatik zapatuko 22:00etara bitartean.

Gomendatzen da auto partikularra ez erabiltzea eta garraio publikoan etortzea Bilbora, hau da, trenean edo metroan, ahal dela. Bestalde, Bilbobuseko eta Bizkaibuseko linea gehienetan -ibilbideetan nahiz geralekuetan- aldaketak egingo dira.

Era berean, beharrizan logistikoak direla eta, Txurdinaga kiroldegiak itxi egingo ditu instalazio guztiak (igerilekua eta kafetegia barne), uztailaren 1ean zehar (zapatua).