Telebilbaoko kaleko berriemaileek irabazi egin dute aurtengo Bilboko Ibiltariaren Saria, telebista katea sortu zeneko XXX. urteurrenean.
Saria bertatik bertara eman da aurten, eta hura emateko aintzat hartu da "sarituek, kalean gertatzen denaren berri eman eta irtetera eta parte hartzera deitu ez ezik, kalea gure etxeetara hurbildu ere egiten digutela, gaurko garai eta egoera berezi hauetan".
Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi-ordezkaria izan da buru ekitaldian, eta hau nabarmendu du: "saria ezagutza bat da, telebista katearen ibilbide luzeari eta kaleko berriketari ezin akituzkoek egiten duten lan gaitzari egiten zaiona, pertsonei eta eragile sozialei laguntzen baitiete eta gure uriko eguneroko bizimodua agertzen baitute gertutasunez eta profesionaltasunez".
Ibiltariaren Sariak, aurten, ezagutza hori agertu nahi dio hedabideetako profesionalen kazetari lanari, eta "TeleBilbaoko kaleko berriemaileen" gertutasunaren eta konpromisoaren balio profesionalak bereizi nahi ditu, lan ezin akituzkoa egiteagatik horrenbeste urtean, eguneroko bizimoduari eta urian 1992tik gauzatu diren proiektuei eta gertatu diren aldaketei jarraituz. Hala aitortzen du hedabideak berak ere: "TeleBilbao sortu zen tokian bertan sortzen ziren berriak jasotzeko eta urian, auzoetan eta jendearen artean ziren kezken berri emateko, gertutasuna erakutsiz".
Enrique Campos TeleBilbaoren zuzendaria izan da saria jaostzen, saritutako berriemaileen ordezkaritza batekin batera Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin den ekitaldian ; ekitaldi honekin batera ospatu da, gainera, "Bilbo nire kotxe barik" eguna, 2022ko Mugikortasunaren Aste Europarrari amaiera emanez. Bertaratu direnen artean baziren telebista kateko "kaleko berriemaileetako" batzuk: Irene Díaz Abellán, Josu Mentxaka, Marlene González, Kamilo Sánchez, Iñaki Egino eta Iván Reigadas, zeintzuek Yolanda Díez alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziaren eskutik jaso baitute saria.
Guztien izenean, Iván Reigadasek eskerrak eman ditu sariagatik eta honako hau gogorarazi du: "hiru hamarraldi hauetan, Bilbok bizi izan duen eraldaketaren lekuko pribilegiatuak izan gara. Kontatu dugu nola birsortu zen krisiak jotako uri bat, zer gaitasun izan duen errautsetatik birsortzeko eta grisetik argira igarotzeko, pandemiaren itzalak izan direlarik bidean, zeintzuk zalantzarik gabe gaindituko ditugun gure bilbotar nortasunarekin. Aldaketa-bide horretan, halaber, aditzera eman dugu nola egin den apustu inguru irisgarriago, gizatiarrago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baten alde, nola iritsi den Metroa, nola itzuli den tranbia eta nola hartu duen protagonismo handiagoa bizikletak, nola betiko Bilbok iraunarazi duen funikularra eta nola aurrea hartu dien guztiei uri barnean abiadurari 30 km/h-ko muga ezarriz. Orainaldi berriaren berri eman dugu, eta lagundu dugu berari egokitzen, eta, horretarako, ez dugu beste modurik izan egunero-egunero gure kaleetan ibiltzea baino. Gu eta gure lankideak, eta haientzat ere bada sari hau. Eskerrik asko gu hemen gaudela gomutatzeagatik".
Mugikortasunaren lasterketa
Mugikortasunaren Aste Europarraren edizio honi amaiera eman dion egunean zehar, Nora Abetek ere sariak entregatu dizkie "Multimodalitatearen lasterketan" parte hartu duten EHUko ikasleei: lasterketa horrek zerikusia izan du 2022ko Mugikortasunaren Aste Europarraren leloarekin, "Konexio hobeak" leloarekin, alegia.
Lasterketa 9:00etan hasia zen, gaur bertan, Pau Casals etorbidean, Otxarkoagan, eta Errekalde plazan amaitu da. Zinegotziak eskerrak agertu dizkio EHUri, mugikortasun jasangarrirako neurriak zabaltzen parte hartzeagatik, zeintzuen bidez "inguru hobea eraikiko baita Bilboko herritarrentzat, osasungarriagoa eta jasangarriagoa". Ikasle hautatuak izan diren lau pertsonek, Barik txartela eta Bilbao Bizi txartela edo aplikazioa eskuan, lau garraiobide konbinatu behar zituzten Otxarkoaga eta Errekalde plazaren arteko tartea egiteko, arren eta ebaluatu ahal izan zedin zein zen konbinaziorik egokiena, leku batetik bestera joaten egindako denbora, kostuak eta bidaia mota bakoitzak uzten zuen karbono-.orratza neurtuz.
"Bilbo, nire kotxe barik" eguna
Badira hogeita bi urte "Bilbo, nire kotxe barik" egunean parte hartzen duela Bilbok, eta urteroko hitzordua bihurtuta dago, eta irailaren 22an ospatzen da urtero, eta egun horretan eman dio amaiera Mugikortasun eta Jasangarritasun Saiak Mugikortasunaren Aste Europarrari, zeinaren xedea izaten baita urian mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloan apurka-apurka hobekuntza berriak sustatzea.
Edizio honetan, halaber, Sailak era bateko eta besteko desafioei egin behar izan die aurre, eta ezagutzera eman du zer konpromiso berri gauzatu diren eta zer neurri iraunkor berri ezarri diren urian, jasangarritasunaren arloan, desafio horietan garaitiar ateratzeko.
Era horretan, Saileko zinegotziak aurten aurkeztutako ekimenen balantzea egin du, horien artean direlarik Zumalakarregi etorbideko aldats behera berritzea eta han hobekuntzak egitea, bidegorri berri bat eginez eta zirkulazioa baretuz Bilboko sarrera horretan, eta oinezkoen loturak hobetuz, eta halaber Artxandako Funikularraren historiako berritzerik osoena ekarriko duten lau proiektu berriak, hura 1915ean inauguratu zenetik 107 urte igaro diren honetan. Funikularra uriaren modernizazioaren protagonista bihurtuko da horrela, uriko erakargarri turistikoen artean nagusietako bat bihurtuko delarik, aurreikuspena baita datozen urteetan erabiltzaile kopurua hazi egingo dela, Artxanda mendian egin asmo den hobekuntzarekin eta turistak geroz eta gehiago iritsiko direlarik.
Turismoaren arlo horretan, halaber, Nora Abetek ostera ere eman dio ongietorria "Bizit Euskadi garraio publikoan" proba gisako programari, zeina taxiaren sektorearekiko elkarlan publiko-pribaturako baita, xedetzat duelarik turismo jasangarri, seguru, arduratsu eta kalitatezko bat sustatzea, eta zeinean Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak parte hartu baitu.
Azkenik, eta "Eskola Bideak" izeneko erakusketa gomutatu ostean, zeina aste honetan bertan aurkeztu baita, nabarmendu du nola irabazi ziren plazak eta eremuak oinezkoendako, jendeak Mugikortasunaren Azokan zehar iragan irailaren 18an Bilboko Kale Nagusian ibili zelarik, familia osoarekin gozatu ahal izan zirelarik bizimodu aktiborako gonbidapena egiten zuten jarduerak: bide- hezkuntza, roller pista, trebetasun jokoak, Ahtletic Clubekin minipartidak, saskiratzeak Bilbao Basketekin, skate eremua eta txirrindularitza birtualeko eremua, besteak beste.
Ibiltariaren Sariaren irabazleen zerrenda
2012: Virginia Berasategui, bilbotar triatleta.
2013: Bilboko txikiteroak.
2014: Bakuva, gizarte-laneko elkartea.
2015: Gorabide lan sozialeko elkartearen erabiltzaileak.
2016: Ibon Areso, Bilboko alkate ohia.
2017: Emakume batzuk, uriko mugikortasuna hobetzen lagundu dutenak (Bilbobuseko gidariak, udaltzainak, metroko gidariak, TAOko langileak...).
2018: Fortunato Vencedor, laurogei urteko korrikalaria.
2019: Txema Soria eta Jon Mujika. Ekitaldietako kazetariak.
2020: Esmeralda Herlo. "Ezagutu Bilbo Esmerekin" Facebook orrialdea.
2021: BSR Bidaideak Bilbao. Saskibaloi inklusiboko taldea.
2022: TeleBilbaoko kaleko berriemaileak.