Bilboko Udalak 376 tailer eta ikastaro eskainiko ditu irailean hasiko den datorren ikasturtean: kulturarekin erlazionatutako 85; berdintasunarekin, 25; aisia eta kirolarekin, 111; eta adinekoentzako osasunarekin, 154. Dagoeneko zabalik dago ikastaro horietan izena emateko epea.

Kasu guztietan, helburua da bilbotarren denbora librea dinamizatzea aisia osasungarri eta hezigarrirako alternatibekin, bizi-kalitatea ona izan dezaten eta ezagutza berriak eskura ditzaten.

Betiko moduan, ikastaro eta tailer hauek Bilboko 8 barrutietako udaltegietan egingo dira. Parte hartzeko, beharrezkoa da Bilbon erroldatuta egotea eta adinez nagusia izatea.

Pertsona bakoitzak, gehienez ere, bi udaltegitarako eta bi tailerretarako eman dezake aldez aurretik izena, aisialdiaren eta kirolaren arlokoak eta berdintasunaren arlokoak badira, eta, aldiz, bakarrerako, kulturaren eta osasunaren arlokoak badira.

ADINEKOEN OSASUNA

Udalaren eskaintzak osasunari buruzko 154 ikastaro biltzen ditu, eta gehienez 2.521 plaza daude uriko adinekoentzat.

Tailer hauek uriko pertsona adinduentzat dira, bizimodu aktibo bat egiten eta sedentarismoa saihesten ikasteko. Gainera, bizimodu osasungarrirako ohiturak sustatu nahi dira, bizi-kalitatea hobetuz, eta gorputzari on eragiteko moduak bilatu, mugimenduen segurtasuna landuz, esaterako. Onura psikologikoak ere ekarri ditzakete, talde-lanaren bidez komunikazioa erraztuz, eta onura sozialak ere bai.

Itxaron-zerrenda bat egingo da ikastaroetan sartu ezin izan diren pertsonentzat.

AISIA ETA KIROLA

111 kirol ikastaro eskainiko dira: aerobic, mantentze-gimnasia, erlaxazioa, zumba, luzaketak, yoga eta dantza tropikalak, besteak beste. Badira dantzan hobetzeko eskolak, yogakoak, Chi-kungekoak eta Tai-Chikoak ere; horietarako, baina, nahitaezkoa izango da lehendik ezagutzak izatea. Ikastaro horietarako guztietarako gehieneko plaza kopurua 1.987 izango da.

KULTURA

Artisautzako eta arte aplikatuetako 85 tailer kultural egingo dira, arte plastikoei eta ikusizko arteei buruzkoak, eta 32 espezialitate landuko dira, hala nola altzarien zaharberritzea, barnealdeen dekorazioa, bitxigintza, ehungintzako patroigintza, azaleztapena, larrua, lore-sorkuntza, marketeria, patchwork, kristalezko sorkuntza, scrapbooking, tiffanys, zeramika, zurezko tailua, akuarela, olioa, marrazkia, marrazketa marrazketa pintura artistikoa. Gehienez ere 1.202 plaza izango dira.

BERDINTASUNA

Berdintasunari lotutako 25 ikastaro eskainiko ditu Udalak. Emakumeen formazioa, parte-hartze soziala eta ahalduntzea hobetzeko diseinatu dira ikastarook, Bilboko emakume eta gizonen aukera berdintasunaren bidean beste urrats bat eginez aurrera.

Hona hemen modalitate batzuk: Internet eta sare sozialak; informatikaren hastapenak; adimen emozionala; idazketa sortzailea; barne-ezagutza; emakume artistak ikuspegi feministatik eta munduko idazleak ikuspegi feministatik.

Eremu honetan berritasun bat egongo da hurrengo edizioan: komunikazio feministari buruzko ikastaro berri bat sareetan, Cyberfeminismo izenekoa.

25 ikastaro horietarako gehieneko plaza kopurua 335 izango da.

IZENA EMATEKO EGUTEGIA

Interesdunek izena eman ahal izango dute, ekainaren 22tik irailaren 2ra bitartean, Bilboko Udalaren webgunean.

  • Irailaren 8an zozketa egingo da eskatzaile bakoitzari izena emateko hitzordua emateko.
  • Zozketaren emaitza irailaren 9tik aurrera kontsultatu ahal izango da Udalaren webgunean, 944 010 010 edo 010 zenbakietara (astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara) edo 944 203 166 zenbakira deituta (astelehenetik barikura, 8:30etik 13:30era).
  • Inskripzioaren ziurtapena irailaren 12tik 23ra egin beharko da, eta izena eman ondoko hiru egun baliodunetan egin beharko da ordainketa. Adinekoentzako osasun-ikastaroak doakoak dira; gainerakoetan, kontuan hartu beharko dira erantsitako gidan jasotako tarifak.
  • Urriaren 1ean, izena emateko beste epe bat hasiko da, ikastaroetakoren batean lekurik baldin badago; kasu horretan, ez da beharrezkoa izango aurretiazko izen-ematerik edukitzea.

Inskripzioa, ordainketa edo prozesuko edozein izapide egiteko laguntza behar duten pertsonek telefonoz jar daitezke harremanetan Udalarekin telefono hauetan: 94 4 010 010 / 010 astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara edota 94 4 20 31 66 astelehenetik barikura, 08:30etatik 13:30era. Adinekoen Osasuna taillerentzako: 944 20 44 70 eta 944 20 44 53 (astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era). Eta azkenik, aisia eta kirola kurtsoetarako 944 730 845 (astelehenetik barikura, 9:00etatik 14etara). Ikastaro guztiak urrian hastea aurreikusi da.